top of page
  • Foto del escritorErraietatik

1R4KURK374-1D4ZK374 PR0Z35U4 (1. atala)

Esaera zahar batek dio esaldi hau irakurtzeko gai bazara, irakasle bati eskertu beharko zeniokeela.

Ariketa praktiko batekin hasi nahiko nuke gaurko sarrera. Jarraian duzuen irudiari begiratu eta bertan jartzen duena irakurtzen saiatzea besterik ez dizuet eskatzen. Prest???

Lortu duzue? Ia %100 ziur nago baietz! Ez al da magikoa gure garunaren gaitasuna? Zer gertatu da gure garunean hizki eta zenbakiz osatutako testu hau irakurtzea lortu dugunean?


Irakurketa garuneko egitura anitzen interakzioa da; beraz, esan genezake irakurtzen dugunean sare oso bat aktibatzen dela gure garunaren barruan.


Nola gertatzen da hau? Nola presta dezakegu gure garuna irakurmenerako?


Zertxobait ikertu ondoren, Stanislas Dehaene maisu frantzesarekin egin dut topo. Neurozientzia kognitiboan da aditua eta gure garunak nola ikasten duen irakurtzen ikertzen du. Berak idatzitako 3 liburu interesgarri topatu ditut eta hemen uzten dizkizuet irakurtzeko gogoa pizten bazaizue. Nik jada nire irakur-zerrendara gehitu ditut!


María Montessoriren modura, Stanislas Deheane maisuak ere, aldi sentikorrez (periodos sensibles) hitz egiten digu. Aukerarako leiho modura ere difinitu izan ditu Maria Montessorik. Baina zer dira aldi sentikorrak? Denbora tarte txikiak dira, non haurra gai konkretuez interesatzen den biziki. Dakizuen bezala gure garunak plastizidade handia dauka, baina plastizidade hau maila ezberdinetatik igarotzen da garapen arlo bakoitzaren arabera. Adibide batekin hobe ulertuko duzue:

Zentzumenen arloak plastizidadearen maila altuena haurrak 1-2 urte dituenean lortzen du. Horregatik, haurrak adin hau duenean interes berezia du mundua bere zentzumenen bidez ezagutzeko, izan ere, garuna eskuaren luzapen bat da (eta zentzumenena orokorrean). Horrek ez du esan nahi 2 urterekin zentzumenen etapa hau amaitzen denik, are gehiago, 4-5 urtera arte luzatzen da. Baina, bere maila altuena, esan bezala, 1-2 urterekin ematen da. Hori litzateke, zentzumen arloaren aldi sentikorra. Eta aldi sentikorrak identifikatzeak asko lagun diezaguke.


Jarraian aldi sentikorren inguruko taula bat topatuko duzue, non garapen arlo bakoitzaren aldi sentikorra ageri den dagokion adinarekin lotura eginez.

Hemendik hartua: https://metodomontessori.org/periodos-sensibles/

GOGORATU: aldi sentikorra haurrak gai konkretu batekiko sentikortasun altuena duen momentua da eta honek garatzen lagunduko dio. Ikasteko modu arruntagoa eta naturalagoa da, esfortzu eta neke gutxiagorekin. Izan ere, orduan dago hori ikasteko prest!


Zein da, orduan, Montessoriren arabera, hizkuntzaren aldi sentikorra? Hizkuntza bat ikastearen alderdi guztiek ez dituzte aldi sentikor berak.


Montessorik, hiru momentu nagusi ezberdintzen ditu hizkuntzaren aldi sentikorrez ari denean:


  1. Mintzamenaren garapena (haurdunaldiko 7. hilabetetik 6 urtera arte)

  2. Idazketaren garapena (3 urtetik 4 urtera bitarte)

  3. Irakurtzeko trebetasuna (5 urtetik aurrera)


Ez al zaizue iruditzen aldi sentikorrak ezagututa, eta haurraren erritmoa errespetatuz, modu naturalago batean emango litzatekela prozesu hau?


Deheanek ikertu duenaren arabera, jaio aurretik ere, haurraren garuna mintzamenerako antolatua dago, eta jaio ondoren, hizketan hasi aurretik ere, guk uste baino ezagutza altuagoa dauka hitz egiten zaion hizkuntzaren inguruan: fonemen inguruan, hitzen inguruan baita arau gramatikalen inguruan ere.


Gertatzen dena da, haurrak jasotzen duen ezagutza hori ez dela kontzientea, eta hau litzateke gure lehen pausoa: haurrari horri buruzko kontzientzia hartzen laguntzea. Horretarako, garuna prestatu beharko dugu, pixkanaka kontzientzia maila horretara irits dadin.


Garunaren prestakuntza (irakurmenerako) eta eskuaren prestakuntza (idazmenerako) paraleloan ematen diren prozesuak dira, modu horretara aurre-irakurketa eta -idazketan murgiltzen da haurra jarraian etorriko den irakurketa-idazketa prozesuan murgildu ahal izateko. Errepikatzen dut, paraleloan ematen dira! Baina informazioa behar bezala uler dadin eta sarrera hau luzeegia izan ez dadin, modu independentean azalduko ditut: hemen, garunaren prestakuntzaz hitz egingo dizuet, eta 2. atalean eskuaren prestakuntzaz.


Hortaz, nola presta dezakegu haurren garuna irakurmenerako? Zer egin dezakegu haurra irakurmenerako aldi sentikorrean aurkitzen denean?


Normalean, haurrek, eskolan ikasten dute irakurtzen eta idazten, baina etxekoen sostengua ere oso garrantzitsua da prozesu honetan. Bi testuinguru hauetan egin ditzakegun ariketatxoak edo jardueratxoak aipatuko dizkizuet jarraian, baita gure jarreraren inguruko gomendio batzuk ere. Nahiz eta, eskolarako eta etxerako jarduerak ezberdindu, guztiak egin daitezke bi testuinguruetan, baina askotan material espezifikoagoa dugunez eskoletan jarduerak desberdinak izaten dira.


FAMILIEI BEGIRA:


Alvaro Bilbaoren gomendioak jarriko dizkizuet jarraian; berak, El cerebro del niño explicado a los padres liburuan gomendio erbilgarriak eta errazak ematen baititu:


  1. Beldurrik gabe hitz egin haurrari: Haurrak hizkuntza bat ikas dezan, lehen pausoa berarekin hitz egitea izango da. Gero eta gehiago eta lehenago hasi berarekin hizketan, orduan eta hiztegi gehiago barneratuko du. Haurra jaiotzen den momentutik has zaitezke berarekin hizketan, momentuan ikusten duzun zerbait deskribatuz, prestatzen ari zaren jakiari buruz hitz eginez, zure lan-eguna kontatuz edo arratsaldean egingo duzuenaren inguruan azalpenak emanez. Guztiak balio du modu argi eta lasaiean egiten baduzu. Saiatu zaitez hitz egiten ari zatzaionean bere parean jartzen berak zu begira zaitzan, izan ere, hizkeraren garapena askotan ezapin eta mihiaren mugimenduen imitazio bidez ematen da.

  2. Bere ingurunea zabaldu: Garrantzitsua da komunikazioa ingurune hurbiletik haratago zabaltzea. Haurrak bere hiztegia zabaltzeko aukera izango du ingurune ezberdinekin topo egiten badu. Eraman zurekin haurra erosketetara zoazenean, bankura zoazenean edota lagun baten etxera zoazenean. Horrela, soinu ezberdinak entzungo ditu, intonazio eta azentu desberdinak. Gainera, posible da behin ere entzun gabeko hitzekin topatzea eta hori oso aberasgarria izango da berarentzat. Adibidez, etxean bitrozeramika-sukaldea baldin badugu eta amonarenean gasezko-sukaldea badago, amonaren etxean "gasa", "pospoloa" edo "erregailua" bezalako hitzak entzuteko aukera izango du, etxean ez bezala. Hortaz, bere ingurunea zabalduz hiztegia zabaltzeko aukera ematen diogu.

  3. Argibideekin jolastu: Argibideen jolasak oso erraza dirudi, baina nahi bezain beste konplika daiteke. Ala zuei ez zaizue pasa Ikeako armairu bat muntatzen hasi eta argibideekin erotzea? Bada, pentsa urtebeteko haurrarentzat bere pardela zakarrontzi egokian botatzea guretzat Ikeako armairu bat muntatzea bezala dela. Edota bost urteko haur batentzat pizza bat prestatzeko lehendabizi tomatea, ondoren gazta eta amaieran gainontzeko osagaiak jarri behar dituela ulertzea bezalakoa. Argibideen jolasean aritzeko milaka momentu dauzkagu: mahaia jartzen dugunean, eskolarako motxila prestatzen dugunean... Argibideak banaka eta ahalik eta esaldi laburrenekin emango dizkiogu 2-3 urteko haurrari, eta haurra hazten doan heinean, argibide bat baino gehiago eman ditzakegu aldi berean eta esaldiak bere gaitasunen arabera zaildu.

  4. Bere esaldiak luzatu: Hizkuntza ez da soilik hiztegiz osatzen, gramatikak ere garrantzia handia du. Izan ere, hitz berdinek ordena desberdinetan esanahi desberdina hartzen dute. Haurrak 2 urte inguru dituenean bere esaldiak luzatzen hasi gaitezke. Adibidez, haurrak "guek jolastera goaz" esaten badigu, guk honakoa erantzun diezaiokegu, "gu parkera goaz jolastera lagunekin". Hemen bi gauza egin ditugu; alde batetik, bere "akatsa" zuzendu dugu gaizki esan duela adierazi gabe (honek garrantzia handia dauka); eta bestetik, esaldia luzatu diogu nora eta norekin goazen jolastera adieraziz.

  5. Irakurzaletasuna sustatu: Egia da, normalean, irakurtzen eskolan ikasten duela haurrak, baina irakurzaletasuna etxean garatzen da. Gauean, ohera joan aurretiko irakurketaren momentutxoa, familiarena da, haurrarena eta bere atxikimendu irudiarena. Momentu hori magikoa da. Argitaratu nuen lehenengo sarreran garunak sari bidez funtzionatzen duela esan nizuen. Momentu honek, haurraren eta familiaren arteko atxikimendua indartzen du, gaueko musuak edota ipuina kontatzean dugun kontaktu fisikoak hormona bat askatzea eragiten du: oxitozina! Zoriontasunaren hormona! Hortaz, aprobetxatu momentu hau nahiz eta askotan nekatuta egongo zareten. Bere saria izango du. Irakurzaletasuna ez ezik, ulermena, memoria eta hiztegiaren aberastea ekarriko du. Eta nola ez zuen arteko harremana estutuko du!


ESKOLARI BEGIRA:

  1. Ikusi-makusi jolasa: hizkien soinuen jolasa da hau, guztiok ezagutzen duguna. Jolas hau oso aproposa da soinuen kontzientzia har dezan haurrak, eta gainera, aukera asko eskaintzen dizkigu modu ezberdinean jolastu ahal izateko, eta horrela haurra ez aspertzeko. Adibidez, kaxa batean objektu ezberdinak jar ditzakegu eta esan "ikusi makusi zer ikusi, gauza bat hasten dena hasten dena 'aaa'...". Berdina egin dezakegu haurren izenekin, egunero bisitatzen ditugun lekuen izenekin... Aukera asko ditugu! Zailtasun mailak: 1) soinu bat eta objektu bat aldiro (2 urtetik aurrera) / 2) Soinu bat 2-3 objektu aurrean dituenean (2,5-3 urte) / 3) soinu bat objektua ez duenean aurrean, adibidez gela osoko objektuak kontutan hartuta (3-3,5 urte) / 4) soinuak ez du hitzaren hasieran egon behar, tartean edo amaieran ere egon daiteke (4,5-6 urte). Konturatu zarete denbora guztian soinuaz ari naizela? Hau oso oso garrantzitsua da! Hizkien izenak ez ditugu esango, euren soinuak baizik. Hau, da, "sss", "mmm", "rrr" esango dugu, eta ez "ese", "eme, edo "erre".

  2. Hiru denboretako jolasa: hiru pausotan egiten da jolas hau. a) helduak zerbait izendatzen du (irudi bat erakusten dio haurrari eta "elefantea" esaten du); b) haurrak zerbait identifikatzen du (helduak elefante baten, tigre baten eta lehoi baten irudiak jartzen dizkio haurrari, eta galdetzen dio "non dado elefantea?"); eta c) haurrak zerbait izendatzen du (helduak elefante baten irudia erakusten dio eta galdetzen dio "zer da hau?"). Jolas honek informazio asko emango digu haurraren garapen momentuari buruz, eta hortik abiatuta lanketatxoak egiteko aukera emango digu.

  3. Soinuen kaxa: kaxoi txikiz osatutako kaxa handi bat da, eta kaxoi bakoitzean hizki baten soinua topatuko dugu. Hortaz, kaxoi bakoitzean hizki horrekin hasten diren objektutxoak sar ditzakegu. Horrela, haurrak soinuekin jolastu ahal izango du. Objektu bat eman diezaiokegu eta dagokion kaxoiean sartu beharko du. Hemen, beste puntu batean aurkitzen gara, izan ere, grafiaren ezagutzarekin hasten gara.

  4. Errimen jolasa: Asko gustatzen zaizkie haurrei errimak, eta guretzat oso tresna erabilgarria da errimena. Errima bera duten objektuak sar ditzakegu, adibidez, kaxa batean binaka. Haurrak errima bera duten objektuak topatu beharko ditu (PILOTA-GAILETA/ZALDI-ARDI/UDARE-LORE). Diskriminazioa ere landu daiteke errima jolas honetan. 3-4 irudi eman diezazkiokegu haurrai non batek ez duen besteen errima berdina. Haurrak irudien izenak esan beharko dizkidu eta errima ezberdina duena identifikatu.

  5. Hitz kateatuak: helduok hitz bat esaten dugu ahozgora, demagun PILOTA. Haurrak, hitz horren azken silabaz hasten den hitz bat esan beharko du, demagun TAPOIA. Agian, aurreko jarduerak baino zailagoa iruditzen zaizue, baina laguntzeko silabaz-silaba esan diezaiokegu hitza haurrari eta azkeneko hori bi edo hiru aldiz errepikatu, horrela: PI-LO-TA-TA-TA... TAPOIA! Horrela, gelako haur bakoitzak bere aurrekoari kateatutako hitz bat esan beharko du.

  6. Soinuak eta grafiak lantzeko material manipulagarria: Material manipulagarri asko daude soinuak eta grafiak lantzeko, asko material arruntekin egin ditzakegu gainera! Esan nizuen bezala, aurkeztuko dizuedan lehen material manipulagarria irakurketa-idazketa arlokoa izango da eta aurki izango duzue eskuragarri, beraz, adi egon!




Hortaz, ari gara jada haurraren garuna irakurketa prozesurako prestatzen. Ikusten nola jarduera txikitxoekin eta egunerokotasuneko momentutxoekin bere garapenean zuzen-zuzenean eragiten dugun?


LABURBILDUZ:


  • Beldurrik gabe hitz egin haurrari

  • Bere ingurunea zabaldu

  • Argibideen jolasean aritu

  • Bere esaldiak luzatu eta akatsak zuzendu gaizki esan duela adierazi gabe

  • Irakurzaletasuna sustatu

  • Ikusi-makusi jolasean aritu

  • Hiru denboratako jolasean jolastu

  • Soinuen kaxa erabili

  • Errimen jolasaz gozatu

  • Hitz kateatuen jolasean aritu

  • Material manipulagarria sortu elkarrekin eta jolas modura erabili


ETA GARRANTZITSUENA:

Izan konfiantza haurraren gaitasunetan! Ikusi duzuen bezala bere garuna prest dagoenean modu naturalago batean eta esfortzu gutxiagorekin kontzientzia hartzen joango da. Guk soilik estimuluak jarri behar dizkiogu eskura eta elkarrekin jolastuz gozatu!
 

Sarrera honen bigarren atalean, esan bezala, eskuaren prestakuntzaz eta idazketaz arituko naiz; baina paraleloan ematen diren prozesuak direnez aurkeztuko ditudan material batzuk bi prestakuntzetarako balioko digute (garunarena eta eskuarena). Hortaz, adi egon eta irakurri bigarren atala ere!


***


Bibliografia:


Bilbao, A. (2015). El cerebro del niño explicado a los padres. Barcelona: Plataforma

Crepatia (2019). Lectura y escritura en Montessori parte 1/2 [Podcast audioa]. Hemendik hartua: https://www.ivoox.com/lectura-escritura-montessori-parte-1-2-audios-mp3_rf_45176845_1.html

Crepatua (2019). Lectura y escritura en Montessori parte 2/2 [Podcast audioa]. Hemendik hartua: https://www.ivoox.com/lectura-escritura-montessori-parte-2-2-audios-mp3_rf_45677972_1.html

Dehaene, S. (2013). How the Brain Learns to Read [Youtube bideoa]. Hemendik hartua: https://www.youtube.com/watch?v=25GI3-kiLdo


El juego del sonido. Conciencia de Fonema segun Montessori. Cuentos para crecer. Hemendik hartua: https://cuentosparacrecer.org/blog/el-juego-del-sonido-conciencia-de-fonema-segun-montessori/


Muñoz, B. (datarik gabe). La mente absorbente y los periodos sensibles. Crisis del desarrollo. Montesorizate. Hemendik hartua: http://montessorizate.es/2-3-la-mente-absorbente-y-los-periodos-sensibles-crisis-del-desarrollo/


Juegos de rima con enfoque Montessori. Cuentos para crecer. Hemendik hartua: https://cuentosparacrecer.org/blog/juegos-de-rima-con-enfoque-montessori/


Periodos Sensibles para aprender a leer. Cuentos para crecer. Hemendik hartua: https://cuentosparacrecer.org/blog/periodos-sensibles-para-aprender-a-leer-montessori/



557 visualizaciones0 comentarios

Entradas Recientes

Ver todo
bottom of page