• Erraietatik

1R4KURK374-1D4ZK374 PR0Z35U4 (2. atala)



Txikia nintzela letra xehez ikasi nuen irakurtzen eta idazten. Amara Berri sisteman oinarritutako eskola batean ikasi nuen, eta momentu hartan halaxe irakasten ziguten: letra xehez.


Letra larria ondoren etorri zen, eta ez dut zailtasun berezirik oroitzen. Izan ere, letra larria oinarrian xehea baino errazagoa da, ez duzue uste?


  • Makilatxoez eta zirkulu nahiz zirkulu erdiz osatua dago.

  • Hizkien arteko loturarik ez du eskatzen.

  • Arkatza nahi bezain bestetan altxa dezakezu (letra xehean ez bezala).

  • Mugimenduek zehaztapen maila txikiagoa eskatzen dute.


Azken urte hauetan, arrazoi hauengatik eman da, ziurrenik, prozeduraren aldaketa; eta orain, oker ez banago, eskola gehienetan letra larriz hasten dira haurrak irakurtzen eta idazten.


Baina niri zalantza asko sortzen zaizkit honen inguruan:

  • Letra larriek gramatikalki euren funtzioa betetzen dute: esaldien hasieretan erabiltzen dira, edota lekuen nahiz pertsonen izen propioen hasieretan. Hortaz, txikitatik guztia letra larriz ikusten badute, ondoren azalpen bat eman beharko zaie honen inguruan, ezta? Ez al litzateke hobe hasieratik hau naturaltasunez ikustea, eta hortaz, ikastea?

  • Letra xehez idaztitako hitzak eskutik lotuta bezala doaz eta hitz bat bestearengandik bereiztea bisualki errazagoa da. Hortaz, hitz bat non hasten den eta non bukatzen den ikusteko, ez al da lagungarriagoa letra xehez idaztea (eta noski, irakurtzea)?

  • Haur Hezkuntzako etapa osoan letra larriz irakurtzen eta idazten aritu den haurrarentzat, Lehen Hezkuntzara igarotzean, ez al da zailegia letra xehearekin topatzea? Horregatik, agian, letra xehea 5 urteko gelan agertzen da askotan, Lehen Hezkuntzara igaro behar diren beldurrez, aurretik letra larriz aritu direnean beti. Alderantziz izango balitz, zailtasun eta beldurrak berdinak lirateke?


Duela pare bat aste, sare sozialetan irudi honekin egin nuen topo. Ezkerreko eskua 3-4 urteko haur batena da, eta eskuinekoa 7-8 urteko haur batena.

Irudi honekin batera honen antzeko testu bat zegoen: Haur Hezkuntzako haurren familiek askotan galdetzen dute ea euren haurrek oraindik zergatik ez dakiten idazten. Erradiografia honetan ikusten da arrazoia! Euren eskuak oraindik garatzen ari dira eta ez daude guztiz formatuak. Orduan, zer egin dezakegu? JOLASTU! Plastilinarekin jolastu, margotu, moztu, itsatsi, kalera irten, lurrean aztarrika ibili, zentzumenekin jolastu, mozorrotu, esperimentuak egin, bolatxoak harian sartu, pilotekin jolastu, etab. Jarduera guzti hauek euren eskuak garatzen laguntzen dute. Fisikoki prest daudenean hasiko dira idazten! Ez dago aurreratzeko arrazoirik, eurek erakutsiko dizute noiz dauden prest!


Berriro ere zalantzak burura. Ondo ari al gara?


Azken sarreran, garunaren prestakuntzaz aritu nitzaizuen, garuna mintzamenerako eta irakurmenerako prestatzeaz. Gaurkoan eskuaren prestakuntzaz arituko naiz, eskua idazmenerako prestatzeaz. Hala eta guztiz ere, aurrekoan esan nizuena azpimarratu nahiko nuke: bi prestakuntza hauek paraleloan ematen dira, ez doa bat aurrena eta ondoren bestea. Irakurmeta-idazketa prozesua batera emten den bezala, honen aurreko prozesua ere, prestakuntzarena, batera ematen da. Aurre-irakurketa eta -idazketa prozesua, hain zuzen ere. Baina, adierazi nizuen modura, bi ataletan banatu dut informazioa ahalik eta hoberen uler dadin eta sarrera luzeegia egin ez dadin.


Hortaz, noiz eta nola hasiko gara eskua prestatzen? Ez al gara askotan garunaren prestakuntzan jo eta ke aritzen eta eskuaz ahazten?


Idazmenerako bi ezaugarri behar ditu gure eskuak: zehaztapena (pintza mugimendua, esaterako) eta tonua edo indarraren kontrola (arkatzak behar bezala marraz dezan). Hau jakinda, bi ezaugarri horiek landu beharko ditugu eskua idazmenerako presta dadin.


Berriro ere, Montessori materialari helduko diot. Konturatuko zineten jada material hau atsegin dudala. Gehienbat manipulagarritasuna gustatzen zait, guztia eskuaz ukitu eta sentitzeko aukera ematen baitu. Bestetik, bizitza errealarekin duen harreman zuzena ere gustatzen zait, izan ere ez zaizue iruditzen eskolak etxearen eta gizartearen luzapen bat izan behar lukeela? Azkenik, aurkeztu dizuedan material manipulagarriaren modura, Montessori material gehienek auto-zuzenketarako aukera eskaintzen dute. Eta hori ere interesgarria iruditze zait. Hori dela eta, jarraian aipatuko dizkizuedan jarduera edota proposamenak Montessori filosofiaren ildotik doaz, eta materialak ere gehienak bereak izango dira.


Hala eta guztiz ere, hasi aurretik gauza bat argitu nahiko nuke: montessori material asko etxean nahiz eskolan egingarriak dira, hortaz ez dugu zertan dirutza bat xahutu materialen erosketan!


Tira ba, has gaitezen!


Gaur egun, irakurketaren eta idazketaren hasiera Haur Hezkuntzan egiten da, haurrak 3, 4 eta 5 urte dituenean. Etapa honetan, idazketarekin lehen kontaktu bat egiten du haurrak, baina horrek ez du esan nahi Haur Hezkuntzako etaparen amaieran irakurtzen eta idazten dakienik, hau argi utzi nahi nuke. 3 edo 4 urtetik aurrera, haur askok letren inguruko jakin-mina izan dezakete, kartel batean edo etiketa batean zer jartzen duen jakin nahiko dute askok. Are gehiago, beraien izena identifikatzen ere hasiko dira, eskolako arroparen etiketetan edo eskolako materialetan idatzita ikusten dutenean. Aldi berean, euren izena dakiten modurik onenean idazteko ahalegina egiten ere hasiko dira. Horregatik, 3 urtetik aurrera, irakurketa- eta idazketa-prozesuen ikaskuntza eraikitzen has gaitezke, aurre-idazketako zereginekin. Baina, ez ahaztu, ikaskuntza hori ez da behartu behar, eta baliteke haur asko ez egotea prest horretan hasteko. Beraz, hasteko adina erlatiboa da eta haur bakoitzaren garapenaren araberakoa izango da. Horregatik, aldi sentikorrez hitz egin nizuen azken sarreran.


Mugimenduen zehaztapena eta tonua edo indarra lantzeko egin ditzakegun jarduerak:

  • Eguneroko jardueretan parte hartzera gonbidatu: adibidez, mahaiak edota kristalak garbitzera gonbidatu ditzakegu haurrak. Hemen, mugimendu zirkularrak nahiz zuzenak egingo ditu haurrak eta gainera bere gorputz osoarekin lagunduko die mugimendu horiei. Arropa zintzilika dezakete baita ere, eta hemen pintza mugimendua egingo lukete.

  • Botoiak, kremaierak, lokarriak... lotzera eta askatzera animatu: askotan euren buruari botoiak, kremaierak edota aurrerago lokarriak lotzea eta askatzea zaila egiten zaie; baina egur puska batzuetakin eta oihal batzuekin jarraian ikusiko duzuen material manipulagarria (bastidorea) sortu dezakezue aurrez-aurre lotu ditzaten botoiak, kremaierak edota lokarriak. Honek, pintza mugimendua lantzen lagunduko die.

  • Ontzi batetik bestera transbaseak egin: tamaina eta pisu ezberdinetako ontziak jarri ditzakegu euren eskura, baita tamaina eta pisu ezberdinetako hazi edota aleak ere. Horrela, motrizitate fina ez ezik, tonua ere landuko dute baita prezisioa edo zehaztapena ere.

  • Artilearekin josteko aukera eman: josteko ekintza oso ona da zehaztapen maila eta pintza mugimendua lantzeko. Horretarako orratz egokia eman beharko diegu, ez txikiegia ezta handiegia ere; eta telarre batean josten irakatsi.

  • Sukaldean aritu: ogia edo bizkotxo bat egitean eskuak erabiltzen ditugu denbora guztian. Hemen batzuetan zehaztapena eskatuko diguten mugimenduak egin beharko ditugu eta beste batzuetan tonua eta indarra eskatuko diguten mugimenduak. Pentsa zenbat landu dezakegun eskua sukaldean!

  • Erresakeekin jolastu: metalezko marko batean kokatutako forma geometrikoak dira erresakeak. Eskua idazketarako prestatzea dute helburu, beraz, aurre-idazketarako materialtzat har ditzakegu. Esan bezala metalezkoak dira jatorrizkoak, eta bai honek bere arrazoia du. Baina guk kartoizkoak sor ditzakegu, jarraian iruditan ikusiko dituzuenak bezalakoak. Honela erabiltzen dira: markoari behar bezala eutsi eta barruko forma geometrikoa trazatuko dugu. Kanpoko markoa kendu eta metalezko edo kartoizko forma geometrikoa egin dugun marrazkiaren gainean jarri eta beste kolore batekin marraztuko dugu ingurua. Urrats hau zailagoa da, presio handiagoa eta kontrol handiagoa eskatzen baitu forma osoa trazatzeko. Forma geometriko hau gainetik kentzean, auto-zuzentzeko aukera izango dugu. Bi irudiak bata bestearen gainean baldi badaude zehaztasun handiz egin dugula adierazi nahiko du.

  • Sarraila ezberdinez osatutako taulekin jolastu: mota ezberdinetako sarrailak ireki eta itxiz ere eskua trebatzen dute.

  • Oihalak tolsetu: oihalak tolestuz pintza landuko dute, eta zehaztasun maila handiagoa nahiko bagenu, oihal txikiagoak jar ditzakegu euren eskura.

  • Egurrezko pintzekin bolatxoak hartu: eskuekin zuzenean pintza egin beharrean, egurrezko pintzekin jolas dezakegu artilezko bolatxoak hartzera. Hemen tonua edo indarra ere landuko lukete.

  • Gauza pisutsuak hartzen saiatzen direnean, utzi: haurrei asko gustatzen zaie gauza pisutsuak edota handiak hartzea. Euren segurtasuna zainduz betiere, baina utzi egin beharko genieke horrelako jarduerak egiten. Hemen, tonua eta indarra landuko lukete, baita kontrola ere. Agian elkarrekin har dezakete haurrek pisu handia duen objektu bat eta hor elkarren arteko lagutza, oreka eta zaintza landuko lukete.

  • Margotu, marraztu, moztu, itsatsi, puntzoiarekin aritu...: Jarduera hauek guztiek zehaztapena eskatzen digute, gure mugimenduen kontrola. Hortaz, oso aproposak dira gure eskua lantzeko.



Konturatu zarete oraindik ez garela idazten hasi, ezta? Bada sentsazioa dut askotan azkarregi pasatzen garela idazteko pausora, eta hortaz, eskua behar bezala landu gabe hasten garela eskuari egin ezin dituen mugimenduak exijitzen.


Ziurrenik, honengatik erabaki dugu letra larriz idazten hastea. Oraindik prestatu gabe dagoen esku batentzat errazagoa delako trazu solteak egitea, lerro eta biribilez osatutako trazuak egitea. Baina niri zer pentsatua ematen dit... Eskua prestatuko bagenu, ez al litzateke naturalagoa letra xehez ikasten hastea?


Behin eskua prest dugunea idazten has gaitezke. Baina idazteak ez du esan nahi arkatza hartu eta paperean hizkiak marraztea, ez ez. Idaztea hori baina gehiago da.


Aurre-idazketan trebatzeko jarduera posibleak:

  • Lixazko hizkiak eta gatza edo hondarra: hizkien soinuaren irudia ikusi ez ezik, sentitu ere egin dezake eta hori ezinhobea da haurrarentzat. Bere eskuekin sentitzen duena hobe barneratuko du eta erreproduzitzeko ere errazagoa izango zaio gatzaren edo hondarraren gainean. Horrela lehen pausoa gorputzarekin adieraztea izango da, eta geroago etorriko da arkatza hartzeko momentua. Hemen oso garrantzitsua da norabide egokian gauzatzea. Horregatik, norabidea ikasteko bere hatzak gure hatzen gainean jartzeko esan diezaiokegu eta guk norabide egokian mugimendua egingo genuke. Horrela, mugimendua barneratzen joango da.

  • Alfabeto mugikorra: 10-12 hizkiren soinua euren irudiarekin (grafiarekin) lotzeko gai denean, alfabeto mugikorrera pasa gaitezke. Egurrezko alfabetoa da hau, non hizki bakoitzeko kopuru handia dagoen. Hemen soinuak elkartzen hasiko da haurra, eta hitz laburrak osatzen. Soinuz soinu joan beharko gara loturak egiten ikas dezan. Demagun: aaa-ttt-eee-aaa. Honek duen adierazteko beharra aseko dio. Izan ere, askotan, 3-4 urte dituenean haurrak, bere izena idazteko beharra sentitzen du. Zirriborro bat egin eta bere izena jartzen duela adierazten digu, ondoren guk bere izena azpian idazten dugularik. Ze mezu ematen diogu honekin? Alfabeto mugikorrak bere izena idazteko aukera ematen dio prestatu gabe duen eskuari egin ezin dituen mugimenduak exijitu gabe. Hortaz, idazteko lehen pauso bezala egokia litzateke.

  • Sormenezko alfabetoa: Hau azken pausoa litzateke, 6 urtetik aurrera. Hizkiak txartel txikitan aurkitzen dira, aurretik letra xehez eta atzetik letra larriz. Haurrak, esaldiak nahiz testutxoak idatz ditzake letra xehez, eta ondoren, hezitzaileak puntuazio-markak jarriko dizkio elkarrekin irakurtzen duten bitartean. Hizki larriz hasi beharreko hizkiei bira emango lieke eta hauen funtzioa ulertzen hasiko litzateke haurra.



Guztia borobiltzeko, bada interesgarria iruditzen zaidan jolas bat: irakurri-sortu-idatzi jolasa. Izenak dioen bezala, lehendabizi haurrak hitz bat irakurri beharko du, jarraian hitz hori errepresentatu beharko du (sortu), eta amaitzeko idatzi egin beharko du. Irudi batekin hobe ulertuko duzue.



Hau plastifikatutako orri batean gauzatu dezakegu modu arruntean (ea plantila burutzen dudan eta eskura jartzen dizuedan).

  • Irakurri atalean, letra xehez ere jar ditzakegu hitzak (nik tamaina handiagoan jarriko nituzke).

  • Sortu atalean, modu askotara sortu ditzake haurrak hitzak: plastilinaz, imanak dituzten hizkiekin, alfabeto mugikorrarekin... bururatzen zaizuenarekin.

  • Idatzi atalean ere modu desberdinak daude: arkatzarekin, klarionarekin (irudian bezala), errotulagailuekin, margoekin...


Eta orain, kontaidazue. Ze hizki motarekin hasiko zinatekete lanketa egiten, xehearekin ala larriarekin?


Nik zalantzekin jarraitzen dut, baina sentsazioa dut eskua ondo prestatuta letra xehez idazteko gaitasuna izango genukeela, eta hortaz, ikaskuntza naturalagoa izango litzatekeela. Hizki larriek duten funtzioa ulertuko litzateke hasiera-hasieratik eta letra xehetik larrirako "saltoa" ez litzateke horren handia izango, trazuek ez dutelako horrenbesteko zehaztasuna eskatzen. Alderantziz, ordea, zailtasun handiagoekin topatzen garela uste dut. Baina errepikatzen dizuet zalantzekin jarraitzen dudala.


Lagunduko didazue zalantza hauek argitzen? Nola ikusten duzue zuek letra motaren gaia?


***


Bibliografia:


Caraballo, A. (2015). Aprender a escribir. Cómo iniciar a los niños en la escritura. Guía Infantil. Hemendik hartua: https://www.guiainfantil.com/articulos/educacion/escritura/aprender-a-escribir-como-ensenar-a-los-ninos/


Cerrillo, L. (2018). Ideas para trabajar el inicio de la escritura con los niños. Guía Infantil. Hemendik hartua: https://www.guiainfantil.com/educacion/escritura/ideas-para-trabajar-el-inicio-de-la-escritura-con-los-ninos/


Crepatia (2019). Lectura y escritura en Montessori parte 1/2 [Podcast audioa]. Hemendik hartua: https://www.ivoox.com/lectura-escritura-montessori-parte-1-2-audios-mp3_rf_45176845_1.html


Crepatua (2019). Lectura y escritura en Montessori parte 2/2 [Podcast audioa]. Hemendik hartua: https://www.ivoox.com/lectura-escritura-montessori-parte-2-2-audios-mp3_rf_45677972_1.html


Garabaya, C. (2018). Cómo adquieren destreza manual los niños. Guía Infantil. Hemendik hartua: https://www.guiainfantil.com/articulos/educacion/escritura/como-adquieren-destreza-manual-los-ninos/


Santamaría, M. (2018). Lectoescritura: cómo aprenden los niños a leer y escribir. Guía Infantil. Hemendik hartua: https://www.guiainfantil.com/educacion/escritura/lectoescritura-como-aprenden-los-ninos-a-leer-y-escribir/


#irakurketaidazketaprozesua #garuna #eskua #montessori #jolasa #aldisentikorrak #materialmanipulagarria #erraietatikhezi

962 visualizaciones0 comentarios

Entradas Recientes

Ver todo