Erraietatik
2017ko oposaketetako nire esperientzia 🍀

Azken aste honetan, 2017ko oposaketen inguruan bizi izan nuen esperientzia kontatu dizuet sare sozialetan bideo formatuan. Azalpen orokorrak eman dizkizuet, zuen galderak erantzuten saiatu naiz eta argitalpen honetan zehaztapen gehiago ematen saiatuko naiz, guztia idatziz utziz eta txantiloi bat edo beste eskuragarri jarriz.
Aldez aurretik, ordea, berriro ere bideoz bideo azpimarratu dizuedana argi utzi nahiko nuke. Nik nire esperientzia kontatu dizuet, besterik gabe. Horrek ez du esan nahi nik kontatzen dudana egia absolutua denik. Hau da, niri 2017an funtzionatu izanak ez du esan nahi zuei ondorengo oposaketetan funtzionatuko dizuenik. Pentsa, ni berriz aurkeztuko banintz eta guztia berdin-berdin egingo banu ere emaitza ez litzateke berdina izango, ziur! Gainera, nik ez dut inoiz inor oposaketetara aurkezteko prestatu, ez dut nire burua gai ikusten. Hortaz, mesedez, ez hartu nire hitzak egia absolutu modura, mila modu daude oposaketa prozesu bat prestatu eta bizitzeko. Nire asmoa, inondik inora ere ez da zuei mirarizko aholkuak ematea, ezta gutxiago ere. Hortaz, ideia bat egiteko hartu nire azalpenak eta ideiak.
Esan beharra daukat ere, ez nintzela akademia batera joan oposaketak prestatzera. Baina egia da ELA sindikatuak proposatutako ikastaroak burutu nituela. Abiapuntua izan zen niretzat ez bainekien EZER oposaketen inguruan.
Eta behin hau esanda, hasi egingo naiz. 5 bloketan banatuko dut informazioa. Bloke bakoitzean sare sozialetan zintzilikaturiko bideoa, idatzizko azalpena eta kasu batzuetan txantiloien bat izango dituzue eskura. Zuen galderak ere ipiniko ditut, eta baten bat erantzun gabe geratuz gero idatzi lasai; saiatuko naiz erantzuten.
Bestetik, aholkatuko nizueke lagunen babesa topatzea, zuen egoera berdinean daudenekin batera prozesua prestatzea. Prozesua lehiakorra da, bai. Baina gure esku dago elkarlanean gainditzea prozesua. Instagrameko kontua baduzue @haurren_hiria kontuak espezialitateka taldetxoak osatzea proposatu du. Interesaturik bazaudete jarri berarkein harremanetan, ideia bikaina da!
OPOSAKETEN NONDIK-NORAKOA
KONTUZ!: hemen topatuko dituzuen datuak agian ondorengo oposaketetan aldatu egingo dira. IRAKURRI DEIALDIA!!!
Oposaketa prozesuan 4 froga ditugu 2 fasetan banatuta:
fasea: a) Kasu praktiko baten idatzizko ebazpena eta b) Gaitegiko gai baten idatzizko garapena.
fasea: a) Idatzizko programazio didaktikoa eta b) Programazio didatikoaren eta unitate didaktiko baten ahozko defentsa edo aurkezpena.
Lehen fasea gainditzeko gutxienez 5 bat lortu behar da; eta lehen faseko froga bakoitza gainditu ahal izateko, gutxienez 1,5 lortu behar da. Kasu praktikoak notaren %70 balio du eta gaitegiak notaren %30.
Bigarren fasean, berriz, bi frogen arteko nota globala kalkulatzen dute; hau da, ez diote froga bakoitzari bere nota ipintzen. Idatzizko programazio didaktikoa zuzentzen da, baina balorazioa eta nota orokorra aurkezpenaren ondoren ipintzen dute. Hemen ere, gainditzeko 5 lortu behar da.
Faseak ulertzeaz gain, merituak ulertzea ere garrantzitsua da:
Esperientzia: gehienez 7 puntu lortu litezke. (lan esperientzia)
Formakuntza akademikoa: gehienez 5 puntu lortu litezke. (graduak, masterrak, hizkuntzak...)
Beste meritu batzuk: gehienez 2 puntu lortu litezke. (ikastaroak)
"Beste meritu batzuk" atalerako puntuak ematen dituzten ikastaroak plataforma ezberdinetan burutu ditzakezue. Nik helbide honetan burutu nituen online (https://www.onlinepadreosso.es/). Bideoan diodan bezala, kontuz datekin. Data berean 2 ikastaro eginez gero bakarrak kontatuko dizue.
Oposaketa fasea ekaina amaieran hasten da eta uztailean amaitu. Baina programazio didaktikoa hilabete batzuk lehenago entregatu behar izaten da.
Ni programazioa prestatzetik hasi nintzen, gutxi gorabehera urtarril amaieran. Eta martxorako idatzizko programazioa amaitu nuen. Garratzitsua da amaiera data bat ipintzea. Jarraian gaitegiarekin eta kasu praktikoarekin hasi nintzen, hau da, martxo erdialdetik azterketa egunera arte, ekainaren amaierara arte.
LEHENENGO FROGA: KASU PRAKTIKO BATEN IDATZIZKO EBAZPENA
Zuen galderak:
Ze gidoi prestatu zenuen?
Nola prestatu zenituen kasu praktikoak?
Antolaketa, jorraturiko puntuak, loturak... zerbait berezia egin zenuen?
Zer galdetu zizuten egin zenuen kasu praktikoan? Nola ebatzi eta antolatu zenuen? Urrats zehatzik eman zenuen?
Ebazpenaren zein ataletan jarri zenuen zuk indarra (teoria, alderdi kurrikularrakm praktika...)?
Kasu praktikoa ebazteko, zein liburu proposatuko zenuke?
Protokoloez gain, zein irakurketa gomendatzen dituzu?
Ze egitura erabili zenuen?
Berritzeguneko zenbat protokolo ikasi zenituen?
Zerk lagundu zizun kasu praktikoan?
Kasu praktikoa, normalean, kezka gehien sortzen duen froga da. Alde batetik, etxetik ezin dugulako nahi adina prestatua eraman; eta bestetik, notaren zati handi bat honen baitan dagoelako.
Ideia bat egin dezazuen, niri ipini zidaten kasu praktikoa jarriko dizuet jarraian:
4 urteko gela bateko tutorea zara. Gelan 23 ume daude eta kurtsoko bi hilabete pasa ondoren, hurrengoa ikusten hasi zara: Nicolas-ek mugimendu izugarria behar du, arreta mantentzea kostatzen zaio, kideen jolasak nahasten ditu eta gurasoek nekaezina dela diote. Maddi oso ondo moldatzen da bakarka lan egiten duenean, baina taldeko ekintzetan parte hartzea saihesten du eta ez du tutorearekin loturarik onartzen. Jon haur adopatua da eta zure etengabeko arreta exijitzen du. Integrazio eta hezkuntza normalizaziorako printzipioetan oinarrituta, egin ezazu taldearekin lan egiteko plan koordinatu bat.
Ematen dizuen kasua ondo ulertu arte irakurri behin eta berriz, eta ondoren etxetik eramandako gidoia oinarrian hartuta hasi kasua garatzen. Gidoiak izugarrizko segurtasuna emango dizue, nonabitetik idazten hasteko aukera izango baituzue.
Hemen uzten dizuen nire gidoia, agian lagungarri izango zaizue:

Kasu praktikoko sarrera, agian ezin duzue gaitegikoa bezain prestatua eraman. Baina bertan garatu nahi dituzuen puntuak erabakita eraman ditzakezue. Esaterako, zein dira gaiari buruzko aurrekariak? Gizartean nolako onarpen maila dago gaiaren inguruan? Nolako formakuntza dugu irakasleok gai honen inguruan?...
Diagnosian gure hitzetan defini dezakegu arazoa. Eta hipotetikoki ere has gaitezke hainbat puntu aurreratzen: nolakoa da haurraren ingurunea? Nola hartuko dugu kontuan haurraren garapen integrala? Protokoloren bat aktibatu beharko dugu? Prebentzioa agian? Aniztasuna bere osotasunean hartu beharko dugu kontuan (sozio-ekonomikoa, kulturala, generoarena eta ikasketa maila)...
Esku-hartzearen planifikazioa, berriz, ematen diguten kasuaren arabera egin beharko dugu. Baina egia da, gidoiean ditugun puntuekin errazagoa izango dela honen garapena egitea.
Exekuzioak jartzen gaitu, agian urdurien. Protokoloa bai? Protokoloa ez? Guztiak ikasi behar ditut? Asko lagunduko digu protokolo bat aktibatzeko aurretik eman behar diren pausoak ezagutzeak, eta hau ere kontatu ahal izango dugu azterketan. Hortaz, noiz eta nola ematen da protokolo baten aktibazioa?

Esku-hartzearen ebaluazioa egitean atal guztiak hartuko ditugu:
Diagnosiaren ebaluazioa: Arazoa ondo definitu da? Aniztasuna kontuan izan da? Protokolo egokia aukeratu da? Haurra osotasunean aztertu da? Haurraren garapen integrala bermatu da?
Planifikazioaren ebaluazioa: Ondo justifikatu da? Helburu, eduki eta metodologia egokiak zehaztu dira? Informazioa teknika eta tresna egokiekin lortu da? Baliabideak behar bezala zehaztu dira? Komunitatea kontuan hartu da?
Exekuzioaren ebaluazioa:Protokoloa martxan jartzeko edo ez jartzeko irizpideak ondo zehaztu dira? Emandako pausoak egokiak izan dira? Protokolo egokia aukeratu da? Prebentzio-plana martxan jarri da?
Figura ezberdinen ebaluazioa: irakaslea, irakasle-taldea, ikastetxea, familia, kanpo eragileak...
Hausnarketa eta hobetzeko proposamenak ere hipotetikoak izango dira. Baina hemen hainbat puntu aipa ditzakegu: Zer egin dugu ondo eta zer da hobetu litekeena? Zer ikasi dugu? Kontzientzia sortu al dugu? Erakunde ezberdinen konpromezua lortu al dugu? Zein dira ateratako ondorioak? Eta etorkizunerako ildo-estrategikoak?
Bibliografian protokoloarena buruz badakigu bikain, baina oso zaila izango denez, hezkuntzako gai orokorrez hitz egiten diguten liburuen bibliografiak eraman ditzakegu (psikologiaz, pedagogiaz, didaktikaz... hitz egiten dutenak). Eta nola ez gre legedia eta dekretua ere agertu beharko dira.
Bestetik, bideoan aipatu bezala, oso garbi izan beharko duzue zertarako dauden protokoloak eta zertarako ez, eta non topatu ditzakezuen hauek.
Eskola inklusibaren ingurukoak: http://www.euskadi.eus/hezkuntza-berri-esk-inklusiboa-dokumentuak/web01-a2hberri/eu/
Aniztasunaren ingurukoak: http://www.euskadi.eus/hezkuntza-berri-aniztasunari-erantzuna/web01-a2hberri/eu/
Hezkuntza premia berezien ingurukoak: http://www.euskadi.eus/hezkuntza-berri-hezkuntza-premia-bereziak/web01-a2hberri/eu/
PROTOKOLOAK:
ANIZTASUNARI ARRETA ETA ESKOLA INKLUSIBOA
Ikasle etorkinak
Ikasle ijituak
Ikasle adoptatuak
Transgenero egoeran dauden ikasleak
HEZKIDETZA
Emakumeen genitalen mutilazioa
Genero-indarkeria
Sexu-jazarpena
HEZKUNTZA PREMIA BEREZIAK
Autismoa
Asperger sindromea
Down sindromea
Garapen nahaste orokortuak
Ikasle gorrak
Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleak
Adimen gaitasun handiko haurrak
TRATU TXARRAK
Berdinen arteko tratu txarrak
Eskola jazarpena
Ziberbullying-a
BIGARREN FROGA: GAITEGIKO GAI BATEN IDATZIZKO GARAPENA
Zuen galderak:
Teoriaren antolaketa nola egin zenuen (gaien arteko loturak, zer sartu eta zer ez gaitegian, puntuak...)?
Gaitegia zuk sortu zenuen? Argitaletxe zehatz baten gaitegian oinarritu zinen?
Liburu, blog, webgune, autore... zehatzik gomendatuko zenuke gaitegia sortzeko?
Gai guztiak prestatu zenituen edo soilik batzuk?
Dekretuarekin harremana duten gaian (11-14) nola prestatu zenituen?
Zein hizkuntzatan egin zenuen azterketa?
Bibliografia jartzeaz gain, autoreen aipamenik egin zenuen gaiaren garapenean?
Zerbait berezia egin zenuen? Teoriaz gain, nolako itxura edo antolaketa eman zenion?
Teoriaz gain bizipenak, adibideak... jartzea gomendatzen duzu?
Zein da nota onaren gakoa?
Gaitegiko sarrera eta ondorio amankomunak erabili zenituen gai guztietarako?
Gaitegia oso zaharra dago. Asko aldatu zenituen gaiak?
Gai bakoitza zenbat orritara laburbildu zenuen?
Gaitegia prestatzeko ez nuen libururik erosi, baina egia da ez nintzela gaiak 0-tik garatzen hasi. Iturri ezberdinetatik lortutako gaitegiak nituen eskura eta horietatik abiatuta nire propioak sortu nituen. Hau uste dut gakotako gat dela: norberak bere gaitegi propioa sortzea, ahal den heinean besteengandik ezberdinduko zaituzten zerbait idatziz.
Gaitegiak lortzeko iturriak:
Facebookeko "OPOSAKETETARAKO ETA ESLEIPENETARAKO INFORMAZIOA" orrialdean informazio pila topa daiteke. "Archivos" atalera joz gero jendeak bere gaitegiak zintzilikatuak ditu deskargatzeko. Heme topatu nituen gaitegi batzuk. Ez direnez nireak ez ditut hemen zintzilikatuko, baina orrialdera joz gero lortzeko aukera izango duzue.
ELAk antolaturiko ikastaroan ere jarri zizkiguten gaitegi batzuk eskuragarri. Hauek ere ez ditut hemen ipiniko. Azken finean, ikastaroak ordaindu egin behar dira eta nik ez dut dokumentu horiek zabaltzeko baimena.
STEILAS sindikatuak USB bat jartzen du salgai oposaketen inguruko materialarekin. Hau ere erosi nuen eta hortik gaitegi batzuk eskuratu ahal izan nituen.
Hortaz, oinarritzat gaitegi hauek izanda, nire gaitegi propioa sortu nuen ESKUZ. Zergatik eskuz? Bada, azterketa egunean eskuz idatzi behar nuelako. Gainera gaiak eskuz sortuta errazagoa egin zitzaidan kalkulatzea zenbat idazteko gai nintzen 2 ordutan. Kalkuluen arabera, 2 ordutan 10 orrialde (5 orri) idazteko gai nintzela ikusita, gai guztiak 10 orrialdetara laburbildu nituen, eskuz. Horrela ziur nengoen azterketa egunean hasieratik amaierara idazteko gai izango nintzela. Gainera, eskuz idaztean ikasten ari zara, ni behintzat.
2017an 2 zenbakiren artean aukeratu behar izan genuen gaia (orain 3 dira). Hasieran 24 gai prestatzea erabaki nuen, baina etxeko egoeragatik 15 ikasteko aukera izan nuen. Hortaz, %85eko probabilitatea nuen nik ikasitako gai bat behintzat ateratzeko. Nola kalkulatu nuen hau? Interneten mila orrialde daude. Nik hemen bat ipiniko dizuet. Bertan gai kopurua, ikasitako gaiak eta zenbaki kopurua ipinita probabilitatea kalkulatzen du.
https://www.opositer.edu.es/probabilidad-temas-oposiciones/
Kasu praktikoan bezalaxe, hemen ere gidoi edo aurkibide bat eramatea ezinbestekoa da. Hemen gainera erraza da gidoi hori sortzea, izan ere, gaien izenburuek ematen dizkizute puntua.
SARRERA
GAIAREN GARAPENA (hemen joango lirateke gai bakoitzeko puntuak)
ONDORIOAK
BIBLIOGRAFIA
Bai sarrera, bai ondorioak eta bai bibliografia ere amankomunak nituen gai guztietarako. Sarreran eta ondorioetan tartetxo txiki bat uzten nuen inprobisaziorako, han emandako gaiaren arabera idazteko.
Sarrera: Legediarekin eta dekretuaren aipamenarekin hasi nuen, kokatzeko asmotan. Ondoren aurreko dekretutik bereizgarri ziren kontzeptu batzuk aipatu nituen, esaterako konpetentziak edota arazo-egoerak. Jarraian, tokatutako gaiari buruz hitz egiteko tartea utzi nuen, gaiaren antolaketa nolakoa izango zen azaltzeko. Azkenik helburu orokorra edo asmoa azpimarratu nuen. Eta gustatzen zaidan autore baten aipamenarekin amaitu nuen sarrera.
Ondorioak: sarrerari erreferentzia egiten hasi nintzen helburu orokor edo asmoa berriro ere ekarriz. Ondoren, 0-6 urte bitarteko etaparen garrantzia azpimarratu nuen eta arrazoiak eman nituen. Berriro ere tokatutako gaiari buruz hitz egiteko tartea utzi nuen puntu azpimarragarrienak aipatuz. Eta amaitzeko beste autore baten hitzak ekarri nituen, gustuko aipamenarekin amaituz.
Bibliografia: Lehen aipatu bezala orokorra den zerbait sortzea da egokiena gai guztietarako balio izateko. Hasteko legediaren eta dekretuaren bibliogafiak ipini nituen eta ondoren didaktikaz, pedagogaz, psikologiaz, hezkuntza berrikuntzaz, haur hezkuntzaz... hitz egiten duten liburuak. Guztira 6-8 erreferentzia.
Bestetik, aipatu nizuen bideoan gaien arteko loturen inguruko eskema moduko bat sortu nuela. Honek balioko digu gai baten inguruan hitz egiten ari garenean beste bati erreferentzia egiteko. Jarraian uzten dizuet (eskuz dago, ea ondo ikusten duzuen):

Azkenik, esan nizuen bezala, lehenengo gaiaren mapa mentala edo kontzeptu mapa burutu nuen. Ez nuen gehiago egiteko astirik izan, baina lehenengoaren argazkia utziko dizuet. Eta Instagrameko kontua badauzue @recursosparalaclasedeinfantil kontuarekin harremanetan jartzea gomendatzen dizuet. Mezu pribatu batean bere materiala eskuratu nahiko zenuketela idaztera animatzen zaituztet. Drive karpeta bat du non material ezberdinak dituen eskuragarri. Eta Oposaketetako karpetan gai guztien eskemak edo mapa mentalak ditu gazteleraz. Pena da euskaraz ez egotea baina ideia bat egiteko bikainak dira!

HIRUGARREN FROGA: IDATZIZKO PROGRAMAZIO DIDAKTIKOA
Zuen galderak:
Unitate didaktikoak nola antolatu zenituen?
Unitate didaktikoak gai bati lotuak jorratu zenituen ala guztiak gai ezberdinetan oinarrituak?
Zertan oinarritu zinen zure programazioa egiterako orduan? Ereduren bat zenuen edo 0-tik hasi zinen?
Unitate didaktikoetako konpetentziak, helburuak eta edukiak erlazionatu zenituen?
Zein adinetarako prestatu zenuen programazioa?
Zuk egin bezala, gai orokor batean oinarritutako unitate didaktikoak egitea gomendatzen duzu? Ideiarik?
Nola aukeratu zenuen gai orokorra?
Dakizuen bezala gai zentral bat aukeratu nuen nire programazio didaktikoa burutzeko. Izenburua honakoa da: EMAKUMEZKOAK HISTORIAN BARRENA. Hemen bi gai orokor lantzen ditut, alde batetik, historia (denboraren lanketa) eta bestetik, hezkidetza (emakumezkoen bidez).
Asmoa da Big Bang fenomenotik hasi eta gaur egunera arteko bidaia bat egitea. Bidaia honetan unitate didaktiko bakoitzak historiako etapa bati egingo dio erreferentzia, eta etapa bakoitzean emakumezko baten lanketa egingo da.
Ikerketa lan bat eskatu dit honek atzetik, Gradu Amaierako Lana burutu nuenentik hasi nuena eta praktiketan praktikan jarri ahal izan nuena. Justifikazio atal sakon bat burutu nuen eta hori izan da agian gehien kostatu zitzaidana.
Gai zentrala aukeratzea ez da gai ezberdinen inguruko unitateak burutzea baino okerragoa edo hobea. Niretzat justifikatzean dago gakoa, hau da, arrazoitzeko gaitasuna izatean. Hortaz, ez dizuet bata ala bestea gomendatuko.
Bestetik, lagungarri izango zaizuelakoan, nire programazioaren aurkibidea jarriko dizuet eskuragarri:

Bideoan diodan bezala, unitateak burutzerako orduan garrantzitsua da loturak ulertzea:
Lehendabizi helburu batzuk zehaztuko ditut. Haurra helburu hauek betetzen doan heinean konpetetzia batzuk bereganatzen joango da. Hortaz, helburuak konpetentziekin lotu beharko ditut.
Helburuak betetzen ari den edo ez jakiteko, adierazle batzuk izan beharko ditut. Hortaz, ebaluazio irizpide eta adierazleak helburuekin lotu beharko ditut.
Ebaluazio irizpide eta adierazle horiek ebaluazio tresna batzuen parte izango dira eta non erregistratu ere zehaztu beharko dut.
Amaitzeko, edukiak baliabidetzat izango ditut eta ez ditut ebaluatuko. Helburua da ebaluatu beharrekoa, eta edukia baliabidea besterik ez da.
LAUGARREN FROGA: PROGRAMAZIO DIDAKTIKOAREN ETA UNITATE DIDAKTIKO BATEN AHOZKO DEFENTSA EDO AURKEZPENA
Zuen galderak:
Materialik erabili zenuen?
Helburu, eduki eta ebaluazio irizpide nahiz adierazleak zehatz-mehatz irakurri zenituen?
Zein motatako materialak eraman zenituen aurkezpenerako?
Nola antolatu zeuen aurkezpena? Zeri eman zenion garrantzia?
Unitate didaktikoa aurkezteko oinarririk erabili zenuen (ppt, prezi, word, blogen bat...)?
Nola egin zenuen aurkezpen erakargarria eta bisuala izateko? Nola piztu entzuleen jakin-mina?
Defentsa egunean bereziki urduri egotea normala da, jendaurrean aurkeztu behar baituzue zuren programazioa eta unitatea. Baina zuena baldin bada, zuek sinisten duzuen horri buruzkoa, zuen idealei erantzuten badio eta segurtasuna ematen badizue, ondo irtengo da! Zuek pentsa tribunalkideak zuen lekuan egonda daudela eta ez direla zuen konpetentzia. Zuen konpetentzia ateaz bestaldera dago, zuek bezalaxe aurkezpena egitera doazenak dira. Baina tribunalkideak lagun dituzue, orokorrean oso jatorrak izaten dira; zuen etorkizuneko lankide dira eta badakite momentu horietan urduri zaudetela. Hortaz, lasai hartu!
2017an oinarrituta, 20 minutu izan nituen programazioa azaltzeko, 40 minutu unitatea defendatzeko eta 15 minutu izan zituzten eurek galderak egiteko. Aldez aurretik, zenbakiak zozketatu eta unitatea aukeratu ostean gela huts batera eraman ninduten. Han ordubete inguru izan nuen aurkezpena prestatzeko, eta horixe egin nuen: aurkezpena eurei egingo nien bezala burutu, ahozgora eta materialak erakutsiz.
Materialez josita joan nintzen, material fisikoez josita. Eta ez nuen PowerPointik, Prezirik edo horelako aurkezpenik eraman. Tablet batean pare bat bideo eraman nituen deskargatuta Interneterako konexiorik gabe ikusi ahal izateko. Baina beste guztia fisikoki eaman nuen. Hau oso erabaki pertsonala da, batzuk euskarri bat behar dute. Nik ez nuen teknologiarekin arazorik nahi eta ez nintzen arriskatu.
Programazioa aurkezterako orduan eurek esku artean duten zure programazioaren kopia bera izan dezakezu soilik esku artean. Nik honen aurkibidea erabili nuen gidoi modura azaltzeko.
Unitatea aurkezterakoan, berriz, aurretik eta atzetik idatzitako orri bat eduki dezakezu esku artean. Nik etxetik prestatua eraman nuen unitate bakoitzarena eta oso erabilgarria egin zitzaidan. Bertan hainbat punturen inguruan hitz egin nuen, jarraian ipiniko dizkizuet:
Ikasmaila
Denboralizaio orokorra
Arazo-egoera
Prozesua edo planteamendua (nondik nora sortzen dut nik unitatea)
Prozesuaren adibidea (helburu, konpetentzia, ebaluzio irizpide/adierazle eta edukien arteko loturaren adibide bat)
Aniztasunaren zaintza
IKT-en erabilera
Agenda 21
Familiaren esku-hartzea
Metodologia/Jarduerak (hasiera fasea, garapen fasea eta amaiera fasea)
Ebaluazio tresnak
Azken asmoa
Dituzuen unitateak gidoi honekin laburbiltzea dituzue bi orrialdetan (orri bat aurretik eta atzetik) aurkezpen egunerako.
Prozesua edo planteamendua atala guztietan bera izango da, nirea galderez planteatua zegoen modu honetara:
Zein helburu nahi ditugu haurrak betetzea?
Horretarako zein eduki izango ditugu baliabidetzat?
Zein konpetentzia joango da haurra garatzen?
Zein ebaluazio irizpide eta adierazle hartuko dira kontuan helburuak ebaluatzeko, eta nola ez, konpetentzien barneraketaz ohartzeko?
Horretarako, zer-nolako ebaluazio tresnak erabiliko dira? Non erregistratuko da guztia?
Hau guztia posible izateko zein metodologia edo jarduera proposatuko dira?
Aniztasunari nola erantzungo zaio?
IKTak? Agenda 21? Familiaren esku-hartzea?
Bideoan diot unitate baten txantiloia eskuragarri jarriko dizuedala, baina ez egitea erabaki dut oraintxe bertan ez baitit gehiegi konbentzitzen egiturak. Eta gustatzen ez zaidan zerbait ez dut partekatuko.