top of page
  • Foto del escritorErraietatik

Agur pixoihala! 👋

Haurrak, bere autonomiaren garapenean hito edo konkista garrantzitsu batekin egiten du topo: esfinterren kontrolarekin.

Digestioaren antzera, kontrol-mekanismo honek automatikoa eta fisiologikoa badirudi ere, ikasi beharreko mekanismo bat da, atzetik ikaskuntza-prozesu bat behar duena. Baina hemen askotan kontzeptuak nahasten ditugu. Prozesu honetan gure helburua ez da haurrak sari eta zigorretan oinarrituta dauden metodoekin entrenatzea, justu kontrakoa hain zuzen ere. Haurrak jokabide jakin bat eten dezan (pixoihala erabiltzearen jokabidea), giro egokia sustatzen saiatzea, hori izango da gure helburua. Hemen ere, ikaskuntza-prozesu guztietan azpimarratzen dizuedan modura, kontzientziazio lanak egin behar ditugu. Haurrak bere gorputzaren funtzionamenduaren gaineko kontzientzia hartu behar du.


Hortaz, esfinterren kontrola prozesu natural bezala ulertu behar dugu. Ezaugarri psikologiko edo fisiko konkretuek hala galarazten ez badute behintzat, gizaki guztiek lortzen dute euren esfinterren kontrola izatea. Hemen betiko galdera sortzen zaigu: adina? Ez dago adinik! Eta hau oso garbi izan behar dugu. Pertsona bakoitzak bere erritmo naturalak dauzka, pertsona bakoitza mundu bat da eta naturak eskainitako aukerekin aurrera egingo du autonomiaren konkistan. Izan ere, haurtzaroa horixe da: etengabeko konkista, pixkanaka-pixkanaka independentzia-maila handiagoa lortzen joateko, harik eta haurrak heldua sortzen duen arte (eta ez helduak haurra).


Zerk EZ DIO LAGUNDUKO haurrari?

  1. Saritzeak: "Pixa egiten amaitzen duzunean gauzatxo bat emango dizut (saria)".

  2. Etiketak jartzeak: "Txerritxo bat zara, kaka komunean egiten da".

  3. Aurreratzeak: "Handia zara jada! Pixa komunean egiten da, pixoihala haur txikiek erabiltzen dute!".

  4. Konparaketetan erortzeak: "Ikusten, Jonek jada komunean egiten du pixa! Zuk ere hala egin beharko zenuke".

  5. Zigortzeak: "Berriro kaka gainean eginez gero, etxera joango gara!"

  6. Bera aurrean dagoenean gaiari buruz hitz egiteak: "Nire haurrak oraindik pixoihala erabiltzen du, ezin diot kendu! Egunean 5 aldiz aldatzen diot, nazkatuta nao!"

Esaldi hauekin bide okerretik goaz. Izan ere, haurrak ez luke berez utziko pixoihala, eta are gutxiago, bere konkista berriaren ezagutzagatik. Norbaitek hala eskatu diolako utziko luke, hau da, helduarenganako sentimendu horrek bultzatuta egingo luke. Horregatik, beharbada, ondoren atzerapausoak emango ditu, berriro ere pixa edo kaka gainean egingo du. Zergatik? Ez zegoelako pausu hau emateko prest, ez duelako berak erabaki eta guk behartuta eman duelako pausoa.


Zerk LAGUNDUKO DIO haurrari?

  1. Espazioa aurkezteak: "Hau komun bat da, aitarena eta amarena bezalakoa. Hemen pixoihalak daude. Hemen komuneko papera...".

  2. Haurra partaide egiteak: "Komunera noa, nirekin joan nahi duzu?"

  3. Pixoihala aldatzerako orduan haurrari hitz egiteak: "Pixoihala aldatuko dugu. Begira, pixa egin duzu. Alua/zakila eta ipurdia garbituko ditugu". (gorputz atalak aipatu, emango dituzun pausoak hitzez adierazi, utzi pixoihala berari jartzen...)

  4. Lagundua sentitzeak: "Deseroso ikusten zaitut, bustita sentitzen zara? Aldatzera joan gaitezke nahi baduzu".

  5. Interesa pizteak: "Nahi al duzu ipuin hau irakurtzea? Begira, izenburuak hau dio: begiratu dezaket zure pixoihalean?"

  6. Ispilu bat eskura izateak: Haurrari bere gorputz atalak ikusteko eta egin duena ikusteko aukera emango dio, eta horrela kontzientzia hartzen joango da.


Hortaz, garbi izan behar dugu:

  1. Pixoihala ez da adin konkretu batekin uzten.

  2. Mirarizko dietak existitzen ez diren bezala ("nola galdu 10kg 7 egunetan!"), astakeria bat iruditzen zait honen antzeko zerbait esatea: "Nola kendu pixoihala zure seme edo alabari astebetean".

  3. Pixoihala uztea ez da lehiaketa bat: "Nire haurrak jada ez du erabiltzen pixoihalik, zureak oraidnik bai?"

  4. Oso orokortua dago uda garaia egokiena dela pixoihala uzteko. Baina nik ez nuke urtaroez hitz egingo, haurraren erritmoez eta emozioez hitz egingo nuke.

  5. Gure borondatea haurarenaren gainetik inposatzeak arazoak ekar diezazkioke haurrari (beldurrak, blokeoak...).

  6. Ez da eraginkorra haurra orduerdiz komunean eserita edukitzea pixa edo kaka egin dezan. Are gehiago, kaltegarria izan daiteke.

  7. Ez dezagun haurra beldurtu behin pixoihala kentzean berriro ere ezingo duela jarri esanez. Ala, igeri egiten ikasten ari den norbaiti behin askatzean ezingo dela berriz ere heldu esaten diogu?

  8. Aldaketak ematen badira haurraren egunerokoan (anai-arreba baten jaiotza, eskola hasiera, ezustekoren bat...) ohikoa da haurra jatorrietara itzultzea, hau da, berriro ere pixa edo kaka gainean egitea edo pixoihala nahi izatea. Ez gara larrituko. Ikaskuntza prozesu bat da, eta prozesu guztietan bezala hemen ere errepikatuz, praktikatuz eta akatsak eginez ikasiko du haurrak.

  9. Jar diezaiogun haurrari erraz jantzi eta eranzten den arropa, komunera larri doanean zailtasun handiegirik izan ez dezan eta autonomiaz jokatzeko aukera izan dezan.

  10. Errutinak ezarri ditzakegu haurrari laguntzeko: hasieran, momentu konkretu batzuetan galde diezaiokegu ea komunera joateko beharra duen (goizean jaikitzerakoan, otorduen ondoren, oheratu aurretik...).

  11. Ikasteko kulero edo kaltzontziloak erabiltzea aukera bat izan liteke. Jantzi eta eranzteko pixoihal bat baino errazagoak dira, eta gainera hezetasuna lehenago nabaritzen dute. Honek, kontzientzia hartzen lagun diezaieke, eta baliabide honekin zubi lana egin. Igerian ikasi aurretik flotagailuak erabiltzen ditugun bezala.


Nola konturatu gaitezke haurra pixoihala uzteko prest dagoela edo bidean dela?

  1. Haurrak pixoihala lehorra dauka aldatzen diodan aldi batzuetan.

  2. Komunarekiko interesa adierazten du (galderak eginez, eskuarekin seinalatuz, bertara joanez...)

  3. Pixa edo kaka egin duela adierazten du, hortaz kontzientzia hartzen hasi da.

  4. Ez du pixoihala jantzi nahi, erresistentzia ipintzen du.

  5. Gaiaz hitz egiten duten ipuinen inguruan interesa adierazten du, eta pixaz edo kakaz hitz egiten du.


Azken aholkua: haurrek erabaki dezatela zertarako dauden prest, guk sostengua eta laguntza emango diegu. Errepikatzen dut, erabakia eurena izan behar da, eta ez gurea.


 

Ipuinen garrantzia aipatu dizuedanez, eta duela egun batzuk sare sozialetan ipuin bat zintzilikatu nuenez, hemen uzten dizuet eskuragarri. Pixoihala uzteaz hitz egiten du eta kontzientzia hartzen laguntzen die. Izan ere, animaliek euren pixoihaletan dutena erakusten dute, banan-bananan eta hitza jarriz. Gainera oso dibertigarria egiten zaie haurrei.


Gozatu prozesuaz, inork ez ezerk ez diezazuela esperientzia hau zapuztu!



***


Bibliografia:


Muñoz, B. (2015). Control de esfínteres y Montessori. 5 consejos. Tigriteando. Hemendik hartua: https://tigriteando.com/5-consejos-sobre-control-de-esfinteres-y-montessori/


Navarro, Z. (2017). Dejar el pañal al estilo Montessori. 7 ideas prácticas. Aprendiendo con Montessori y pedagogías activas. Hemendik hartua: https://www.aprendiendoconmontessori.com/2017/03/dejar-el-panal-al-estilo-montessori-7/


Prada, M. (2015). Cómo dejar el pañal según la filosofía Montessori. Pequefelicidad. Hemendik hartua: http://www.pequefelicidad.com/2015/10/como-dejar-el-panal-segun-la-filosofia.html


#pixoihala #pixoihalauztea #esfinterrenkontrola #autonomia #konkista #haurtzaroa #adina #erritmoak #montessori #ipuina #hezkuntza #erraietatikhezi

453 visualizaciones0 comentarios

Entradas Recientes

Ver todo
bottom of page