Erraietatik
Aukeratzeko aukera
Gaur biluztera natorkizue. Ez nauzue askok ezagutzen, beste batzuk zertxobait bai. Eta uste dut ezagutzen nautenek badakitela nolako maitasuna diodan nire lanari. Haurrekin lan egitean nire barneko haurrarekin konektatzen dut, eta izugarri ikasten dut. Oso zorteduna sentitzen naiz aukeratu dudan lanbidea aukeratzea izan dudalako, horretarako aukera eman didatelako. Izan ere denek ez dute aukeratzeko aukera, ez pentsa! Hortaz doa gure lanbide zoragarri hau, haurrei aukeratzeko aukera emateaz.

Nire amak ez zuen aukeratzeko aukerarik izan. 14 urte bete zituenean bere ikasle ibilbidea alde batera utzi eta lanean hasi zen. Ez etxean ikasten jarraitzeko aukerarik eman ez ziotelako, ez. Eskolan ikasteko balio ez zuela sinestarazi ziotelako, eta hor bere aukera guztiak zapuztu zituzten. Gaur egun horrelako testigantzak entzutean, bihotza uzkurtzen zait, benetan. Eta larriena da testigantza hauek ez direla soilik jende helduaren ahotik ateratzen, ez. Gaztetxo askoren ahotatik ere ateratzen dira, eta horrek asko kezkatzen nau. Nola esan lezake pertsona batek ez duela ikasteko balio edota traketsa dela ikasketekin? Nork sinestarazi dio halakorik?
Ez naiz errudun bila hasiko, ez dut topatzeko beharrik. Irtenbidea, ordea, aurkitu nahiko nuke. Benetan diotsuet, nik benetan pentsatzen eta sinesten dudala soilik hezkuntzaren bidez alda dezakegula mundua, konfiantza osoa dut horretan! Hezitzaileok honen kontzientzia hartzen badugu, benetan honetan sinesten badugu, pertsona askorengan eragingo dugu euren burua ezagut dezaten, euren aukeraketak egin ditzaten eta euren gaitasunen jakitun izan daitezen. Euren bertsiorik onenean bilaka daitezen lagundu behar diegu, eta bide hori eurek burutu behar dute, behar gaituztenetan hor egonda, euren sostengu izanda.
Honengatik guztiagatik du garrantzia berezia Haur Hezkuntzako etapak, hemen eraikitzen baitu haurrak bere nortasuna. Eta noski, honen atzetik datozten etapek ere garrantzia handia dutela. Baina etxe bateko zimentuak ez badira egonkorrak, kostako zaigu etxea dotore-dotore jarrita ere zutik mantentzea.

Askotan entzun eta esango zenuten hezitzaileok familiekin batera egin behar dugula lan. Hala da, gainera! Elkarrekin egin behar dugu arraun, norantza eta norabide berean! Eskola eta familia aliatuak egon behar gara, ezin gara elkarren kontra egon. Oso garbi izan behar dugu eskolara datorren haurrak bere motxila dakarrela etxetik, bere historia propioa, bere familia propioaren historia, bere sinesmenekin, bere ohiturekin, bere baloreekin...
Edozein familiarekin elkartu aurretik honakoa errepikatzen diot neure buruari: Irati, munduan gehien maite duten pertsona euren haurra da eta dakiten hoberen hezten dute, daukatenarekin, euren gurasoengandik jaso zutenarekin. Eta orduan, eurekin hitz egiteko prest sentitzen naiz. Erraietatik hitz egiten diet (hortik blog honen izena), barren-barrenetik eta begirunez, haurrari zor diodan begirunezko begirada eurei ere zor diedalako.

Begirada horrekin begiratu izan balute nire ama...
Badakit iluntzeko 20.00etan lanetik nekatuta iristen den aitak edo amak ez duela bere bertsiorik onena erakutsiko haurrak ez duela bainatu nahi esaten dionean. Badaikit ere guraso batzuek umiltasunez (eta lotsa piska batekin) onartzen dutela egunen batean euren haurrei garrasi egin diela eta ondoren oheratzean euren eguneko azken pentsatzenduan guraso txar sentitu direla. Badakit egun luze baten ostean orduerdiko lasaitasuna behar duen gurasoak bere 4 urteko seme edo alabari mugikorra utziko diola jakinda ere pantailak ez direla berarentzat onuragarriak. Eta horregatik ez ditut epaituko. Ez ditut hatzarekin seinalatuko.
Berriz diot, elkarrekin egin behar dugu arraun, norantza eta norabide berean. Eta ezin dugu ahaztu humanoak garela, ikasteko etorri garela mundu honetara eta hanka sartuko dugula!
Baina zaindu dezagun begirada, mesedez. Hezi ditzagun gure haurrak kontzienteki.

Zer da heziketa? galdetzen nizuen sare sozialetan. Ane Ablanedoren ikastaroan hausnartu nuen modura, heziketa harreman bat da niretzat, bi pertsonen arteko harreman bat. Edo zuek ez duzue sentitzen beste pertsona batekin harremantzen zaretenean, garatzen ari zaretela? Heldu-haur harremanean zentratzen bagara, harreman asimetrikoaz ari gara. Zergatik asimetrikoa? Bada, haurrek helduon beharra dutelako, eta hortaz, ez direlako “erabat” libre, mendekotasuna dutelako gurekiko (jaiotzean erabatekoa, gainera, hil ere egin daitezke gu gabe!). Oso modelagarriak dira, eta horregatik harreman hau eraikitzerakoan kontu handiz jokatu behar dugu, botereekin kontu handia edukiz. Oso kontziente izan behar gara asimetria hortaz.
Honengatik esaten da, beraz, haurraren lehen urteek berebiziko garrantzia dutela. Izan ere, lehen aldiz ari dira mundua ezagutzen, eta lehen aldiak oso garrantzitsuak dira; lehen aldi guztiek garrantzia berezi bat dute. Honek ardura suposatzen du, ardura handia. Baina ze polita den lehen aldi horietan euren ondoan egotea...! Horregatik, ez da harreman soil bat, haur-heldu harremanak balio handia dauka eta eragin zuzena etorkizuneko pertsonarengan.
Haurrak askatasunean hezi behar ditugula sentitzen dut, baina askatasuna mugekin ulertu behar dugu. Garapena "erabateko" autonomia (=askatasun)-erako prozesu bat da, banantze-prozesu bat. Gurekiko harremanaren arabera ari dira konfiguratzen, eta honek ardura handia suposatzen du. Haurra autoerregulatu dadin, bere askatasuna kudeatu dezan, jakin beharko dugu etapa bakoitzean zertarako dagoen prest. Ala 3 urteko haur bati etxeko ekonomiaz arduratzeko esango diogu? Ez, ezta? Helduok jakin behar dugu haurra noraino den gai askatasun hori (tresnatzat hartuta) behar bezala kudeatzeko. Guk lagundu beharko diogu erregulatzen, gero eta trebetasun gehiago izan dezan bera autoerregulatzeko. Banantzen-prozesua dela kontutan izan behar dugu, eta banatze-prozesu horretan gure posturak eragin zuzena izango du haurraren askatasunerako prozesuan.
Askatasuna, nolako hitz potoloa! Askotan askatasuna libertinajearekin nahasten dugu: egizu nahi duzuna! Oso nahastuta gaude. Haurrei aukeratzen uztea ez da nahi dutena egiten uztea. Mugen beharra dute, hauek segurtasuna ematen diete. Hemen, Cecilia Martí-ren esaldi bat ekarri nahiko nuke (gazteleraz hartuko diozue zentzua): Haurrek bitamina A bikoitza behar dute. Maitasunaren bitamina (Amor) eta Autoritatearen bitamina (Autoridad). Maitasunik gabe autoritasimoan eroriko ginateke, eta autoritaterik gabe haurrak erotu egingo lirateke mugen beharra dutelako. Errespetuan hezteak ez du muga edo limiterik gabe heztea esan nahi. Irmoki eta maitasunez hezi behar ditugu gure haurrak, arduraz eta askatasunean.

Askatasuna, autoerregulazioa, diziplina, autoritatea, autoritasimoa, garapen etapak... zenbat kontzeptu, ezta? Izango dugu sakontzeko astia.
Baina gaur aukeratzeko aukerez hitz egin nahi nizuen, haurren bidelagun izateak niretzat esan nahi duenaz, heziketaz. Eta familia kuttunez, noski, eurekiko eraiki dezakegun harreman sendoaz. Hartuko dugu denbora, aurrerago ere, azalean geratu diren esanahiez betetako kontzeptuez hitz egiteko. Bitartean jarraitu zuen begirunezko begiradaz haurrak hezten, eta aukeratzeko aukera ematen. Ziur zuen onena ematen duzuela eta!
#aukerak #aukeratzekoaukera #askatasuna #mugak #diziplina #autoritatea #heziketa #harremana #familia