Erraietatik
Bokalekin jolastu nahi?
Garunaren prestakuntzarekin jarraituko dugu, eta horretarako, material manipulagarri bat aurkeztera natorkizue. Nirekin jolastu nahi?

Bokalekin burutu dudan materiala da orain aurkeztuko dizuedana, baina kontsonanteekin ere berdin-berdin burutu dezakezue. Hori bai, gogoratu hizkien soinuarekin jolastu behar dugula eta ez hauen izenekin. Hortaz, "sss" esango dugu "ese" esan ordez, eta "mmm", "eme" esan ordez. Hau azpimarratu nahi dizuet, izan ere, bokalekin ari garenean ez gara arazo horrekin topatuko, baina kontsonanteekin ari garenean bai. Eta honek garrantzia handia dauka haurra irakurmenean murgiltzen hasten denerako, hizkien arteko loturak errazago egingo baititu. Soinuak irakurtzen hasiko da bata bestearen atzetik eta pixkanaka loturak naturaltasun handiagoz egiten. Hizkien izenak ikasten baditu, aldiz, ezingo du loturarik egin.
Bestalde, ikusiko duzuen bezala, grafiak letra larriz eta letra xehez jarri ditut. Honen inguruan zalantza asko sortzen zaizkit eta honi buruz egun batzuk barru eskura izango duzuen irakurketa-idazketa prozesuari buruzko bigarren atalean hitz egingo dut. Ea denon artean zalantzak argitzen ditugun!
Jolasa aurkeztu aurretik azken gauzatxo bat komentatu nahiko nizueke. Material manipulagarri honek auto-zuzenketarako aukera emango die haurrei. Onura handiak ikusten dizkiot auto-zuzenketari, izan ere, modu honetara bere burua ebaluatzeko eta bere kabuz zuzentzeko aukera ematen diogu haurrari. Bera bakarrik konturatzen da bere akatsaz eta helduaren etengabeko ebaluazioaren menpe sentitu gabe zuzendu dezake. Akatsa ikaskuntzarako beharrezko elementu bilakatzen da. Horrela, akatsak haurraren ekintza estimulatzen du, ariketa ez baitu hezitzailearen edo helduaren onespenaren bila egiten, bere ikaskuntzarako bidea egiteko baizik, autoeraikuntzarako.
Honekin ez dut esan nahi guk ez dugunik hor funtziorik betetzen, are gehiago, gure funtzioa oso garrantzistua izango da: haurrari segurtasun emozionala ematea, bere bidea eraikitzen laguntzea, sostengua ematea eta behatzea, batez ere azken hau, behatzea. Haurrak hor gaudela jakin behar du, behar duenerako. Eta gero eta askatasun gehiago eman bere bidea eraikitzeko, hobe. Betiere berak kudeatu dezakeen askataduna baldin bada, noski, hau ezin baita berarentzat zama izan.
Hau esanda, jarraian bideo batean aurkezten dizuet material manipulagarria, eta ikusiko duzuen bezala zailtasun-maila ezberdinetan jolasteko aukera emango dio haurrari, eta nola ez, esan bezala, auto-zuzentzeko aukera.
Ea gustokoa duzuen!
Zer iruditu zaizue? Material honekin burutzeko jolas gehiago bururatzen bazaizkizue idatzi iruzkinetan, gustura hartuko ditut ideia berriak!
Amaitzeko, opari gisa materiala deskargatzeko aukera emango dizuet. PDF formatuan jarriko dizuet jarraian eta inprimatu besterik ez duzue egin beharko! Irudiak aldatu nahiko bazenituzkete edota kontsonanteekin sortu materiala, idatzi lasai nire helbide elktronikora (erraietatikhezi@gmail.com) eta WORD formatuan bidaliko nizueke materiala.
Animatzen zarete materiala erabiltzera?
Jolastu zuen haurrekin eta gozatu prozesuaz!
#materialmanipulagarria #irakurketaidazketaprozesua #hezkuntza #autozuzenketa #hizkiak #bokalak #erraietatikhezi