• Erraietatik

Covid-19a eta egokitzapen-aldia. Nola lagun diezaioket eskolatik eta etxetik nire txikiari?

"Cualquier ayuda innecesaria, es un obstáculo para el desarrollo" - María Montessori.

Kameleoia bere ingurunera egokitzen da, haurra eskaintzen diogun ingurunera egokitzen den bezala.

Urtero bezala eskola lehen aldiz zapaltzen duten haurrek egokitzapen-prozesua hasi dute (edo hasiko dute aurki) euren familiez lagunduta. Urtero bezala diot urtero egiten delako, nahiz eta aurtengo egoera guztiz desberdina den.


Covid-19a geratzeko etorri daela dirudi eta ezjakintasunean murgilduta gauden honetan zalantzak, beldurrak eta kezkak gure egunerokotasuneko ardatz bilakatu dira etxe eta eskola askotan. Sentimendu hauek onartzen jakin behar dugu, sentitzen duguna ez dago gaizki, besterik gabe halaxe sentitzen dugu eta hori gure buruari onartzen jakin behar dugu.


Inork espero gabeko egoera baten aurrean gaude eta gu ere egoera berri honetara egokitzen ari gara. Baina bizitzak aurrera darrai, eta irailean ikasturte hasierarekin batera egokitzapen-aldiaren aurrean topatu gara gure txikiekin. Familiak nahiz eskolak.


Nola lagun diezaioket eskolatik eta etxetik nire txikiari?


Egokitzapen-aldia labur-labur.


Haurrak hezteko prozesua hitz batean laburbildu beharko bagenu banantze-prozesu bat dela esango genuke. Haurrak, jaiotzen denean, helduon beharra dauka bizirauteko. Hazten doan heinean helduongandik pixkanaka-pixkanaka banantzen doa, independentzia handiagoa lortuz. Hasieran, bere burua soilik ikusten du munduaren erdigunean, mundua bere etxera murriztuz; denborarekin ohartzen da bera bezalako haur gehiago daudela munduan, baita familia gehiago ere.


Banantze-prozesuko pauso handi bat eskolaren hasierarekin batera ematen da. Haurra bere espazio segurutik ateratzen da eta bere atxikimendu iruditik urruntzen hasten da. Hemen egokitzapen-aldia deituriko prozesu bati ematen diogu hasiera, non haurra poliki-poliki eskolako ingurunera egokitzen joango den bere familiaren eta irakasleon laguntzarekin.


Hortaz, egokitzapen-aldia funtsezkoa da. Haurrari behar duen denbora eman beharko diogu ingurune berri honetara egokitu dadin, berarentzat arrotza den ingurune honetara.


Etxea. Familia. Segurtasun afektiboa. Erreferenteak.

Nora ekarri nau nire atxikimendu irudiak? Eta zergatik utzi nau "bakarrik"? Abandonatu egin al nau? Itzuliko al da bueltan? Ez dut hemen geratu nahi, ez dut inor ezagutzen! Haur gehiagorekin? Ezagutzen ez dudan heldu batekin? Zurekin joan nahi dut! Ez utzi ni hemen!

Sentimendu ugari izango ditu haurrak lehen egun hauetan eta hauek onartzen jakin behar dugu. Negarra agertzea normala da eta momentu horretan segurtasuna eman behar diogu.


Badakit beldurtuta zaudela, ez duzula inor ezagutzen, leku arrotzean sentitzen zarela... baina ni hemen nago.

Horregatik da garrantzitsua lehen egunetan erreferentziazko pertsona haurraren eskura egotea eta denbora-tarteak pixkanaka luzatzen joatea (adibidez, 45 minutuko saioekin hasi eta egunez egun zertxobait luzatzen joan).


Eta orain, Covid-19arekin errespetatzen al dugu hau? Ematen al diegu aukera familiei euren haurrekin egoteko? Eman beharko genieke, dudarik gabe gainera!


Haurrek eta euren familiek banantze-prozesu hau lasaitasunez, segurtasunez eta behar duten denbora eskainiz igarotzea merezi dute. Haurrek edozein egoeratara egokitzeko gaitasuna dute, noski baitez! Baina zeren kontura?


Badakit ikastetxe askok ez dituztela baliabide nahiko, exijitzen dizkiguten segurtasun-neurriak betetzeko. Baina ez ote ditugu haurren eta familien beharrak presenteago eduki behar? Ikastetxe askok euren atarietan burutu dute (edo hobe esanda, burutzen ari dira) egokitzapen-aldia. Aukera bat da. Aukeretan pentsatu behar dugu.


Familientzako gakoak.

  • Eskolara hasi aurretik kontatu zuen txikiari nora joango den. Eraikina bisitatzea ere ez legoke gaizki, non egongo den ikus dezan.

  • Lehen egunean eskolara joan aurretik kontatu egunak aurrera egin ahala gertatuko dena. Ondorengo egunetan ere hau egiteak lasaiago joaten lagunduko dio, nolabait aurretik jakingo baitu gertatuko dena.

  • Eskolara iristean entzun zuen haurra, behatu bere erreakzioak eta eman segurtasuna.

  • Hitz egin irakaslearekin, ikus dezala zuentzat ez dela pertsona arrotz bat.

  • Lagundu espazio berri horretara sartzen (egoera honetan uzten zaizuen arte behintzat).

  • Zuen presentziarekin lagundu (keinu bat, irribarre bat...). Gerturatzean besarkatu, eman muxu bat eta goraipatu bere parte hartzea!

  • Utzi haurrari bere kabuz jolasten, egunak pasa ahala denbora gutxiagoz egongo baitzarete berarekin eta jolasa ezin duelako soilik zuekin ulertu.

  • Zuen presentzia fisikoa gutxiagotzen doan heinean, normala da haurrak segurtasun falta izatea. Horregatik, ideia ona da haurrak zuek gertu nabaritzeko zerbait fisikoa izatea soinean. Esaterako, ileko goma bat eskumuturrean. Horrela hori begiratzen duenero zuekin gogoratuko da eta seguruago sentituko da. Gomatxo hau etxean ipini haurra zuekin momentu lasai batean dagoenean, eta ez eskolako atearen aurrean urduri dagoenean. Momentu goxoak ekarri behar dizkio gogora.

  • Agurtzeko momentuari eman garrantzia, ez alde egin ezer esan gabe. Ezin zarete berak jakin gabe bere begi-bistatik desagertu. Kontatu haurrari itzuliko zaretela. Bestela "abandonatua" senti daiteke. Ogia erostera joango zaretela esanez gero, ondoren bila etortzean ogiarekin etorri. Egia esan diozuela ikusi behar du, hurrengo egunean lasai sartzeko.

  • Eta lasai hartu prozesu hau. Ez da lineala. Gorabehera asko izango ditu. Egun batean ongi geratzeak ez du esan nahi datozen egunetan ere ongi geratuko denik. Onartu zuen haurraren sentimenduak eta lasaitasunez jokatu.


Eskola. Espazio segurua. Irakaslea. Erreferente bilakatuko dena.


Eskolarentzat ere erronka berria da Covid-19arekin batera lan egitea. Guztia zaildu digu espero gabeko egoera baten aurrean topatu garelako, eta leku askotan baliabiderik gabe aurkitu garelako. Baina hasieran esan bezala bizitzak aurrera darrai.


Egokitzapen-aldia funtsezkoa da, ezin diegu lasai egokitzeko eskubide hau lapurtu haurrei eta euren familiei. Espazio berrietan pentsatu beharko dugu, edo ditugun espazioak birmoldatu. Badakigu ezin dutela geletara sartu familiek, hortaz agian kanpoko espazioetatik hasi beharko dugu egokitzapen-prozesua.


Haurrek lehen egunetan behintzat eskura izan behar dituzte erreferentziazko pertsonak eta hauen presentzia gutxinaka joan behar da desagertzen. Gainera, haur bakoitzaren arabera emango da paus o hau. Ez da ezer gertatzen familia batzuk agurtu eta beste batzuk bertan geratzen badira. Prozesua haur bakoitzaren araberakoa da. Eta guk hau ahalbideratu behar dugu.


Eskolentzako gakoak.

  • Espazioa ezagutzeko aukera eman behar diegu haurrei. Ipini materialak euren eskura eta utzi esperimentatzen. Kameleoiek bezala, haurrek ere euren ingurunera egokitzeko saiakera egingo dute horretarako prestatzen badugu ingurunea.

  • Proposatzen ditugun jarduerek baino garrantzia handiagoa izango du gure jarrerak. Haurra materialen batekin jolasean ari dela gerturatu gaitezke eta keinuren bat egin; gu ere bere erreferentziazko pertsonan bilakatzen has gaitezen. Proposamentxoak ere egin ditzakegu, baina kontuan izan: behatzen ari den haurra ere egokitzen ari da; ez du zertan beti jarduera bat egiten egon behar. Norberak bere denborak ditu.

  • Errutinak, jarduerak edo ekintza konkretuak pixkanaka joango gara egituratzen, baina lehen egunetan ez dugu presarik izan behar. Haurrak behatzen joango gara, zein jolasetan dabiltzan ikusten eta horren arabera norberari beharraren arabera proposamenak egiten. Talde kohesioarena geroago etorriko da. 2 urterekin oraindik ez dute sozializatzeko behar hori sentitzen eta paraleloan aritzen dira norbera bere jolasetan. Hau akonpainatzen saiatu behar gara.

  • Ipuinek, abestiek... asko laguntzen dute. Haurrak beste material batzuekin entretenituta badaude utzi euren jolasetan. Eta agian gutxi batzuk ipuin bat entzutera edo abestiren bat abestera gerturatuko dira. Ez dugu zertan guztiak gauza bera egitera bultzatu behar. Norberaren erritmoak eta beharrak identifikatzea garrantzitsua da, eta prozesu honetan are gehiago.

  • Nire kasuan bezala adin aniztasuna baduzue geletan, pixkanaka eman pauso hau. Lehen egunetan agian ez da egokiena guztiak elkarrekin egotea uneoro. Agian hamaiketakoa egin dezakete elkarrekin beste haur batzuekin ere egongo direla ulertzen hasteko. Denborak luzatzen doazen heinean elkarrekin denbora gehiago igaro dezakete.

  • Hitz egin familiekin, kontatu ikusten duzuena eta saiatu euren zalantzak, beldurrak eta kezkak ere ulertzen. Egoera berezia da guztiontzat eta elkarrekin egin behar dugu arraun. Zuekin partekatu ditzatela segurtasun-falta sorrarazten dizkien egoerak, eta ahalegindu segurtasuna areagotzen. Azpimarratu zein garrantzitsua den haurrak gu seguru ikustea, euren egokitzapen-aldi hori errazago gainditzen lagunduko baitie.

  • Badakit hezitzaileontzat egokitzapen-aldia oso neketsua dela, begi asko ditugula guri begira eta ez da erraza izaten. Momentu batzuetan kaos sentsazioa ere izaten dugu. Horregatik da garrantzitsua elkar ulertzea. Guk familien paperean jartzeko gaitasuna izatea eta eurak ere gure lekuan jartzeko gai izatea.

  • Musukoak oztopo handiak jartzen dizkigula ohartu naiz. Haurrek ez gaituzte ondo entzuten, ahotsa behartzen ari gara. Gainera aurpegi-adierazpena asko galtzen dugu. Eta honek ni ere kezkatzen nau. Baina hala da, eta ezin dugu guztion osasuna kolokan jarri. Honi ere alternatibak topatu beharko dizkiogu, eta ahal dugun neurrian honen ondorioei irtenbidea topatzen saiatu beharko gara. Gu ere prozesu honetan ikasten eta egokitzen ari gara.


Baliabide egokiak. Literatura.


Ipuinak eta album ilustratuak baliabide egokiak dira haurrak fantasiazko munduan sartu eta errealitatean bizitzen ari direna hobe ulertzeko. Jarraian, egokitzapen-aldirako proposamen batzuk topatuko dituzue:

  • Siempre pienso en ti - Kathi Appelt

  • Un beso en mi mano - Audrey Penn

  • Mamá ya viene... - Zaza Pinson

  • Mamá va al cole - Blackie Little

Askotan gertatzen zaigun bezala, gazteleraz bakarrik ditugu baliabide hauek. Guk euskaratzea besterik ez zaigu geratzen!



Egokitzapen-aldia. Denona.


Denona da egokitzapen-aldia. Familiek haurrarengandik banantzen ikasi behar dute. Haurrek familiengandik banantzen ikasi behar dute. Eta guk, irakasleok, haurrengana gerturatzen eta familiei banantzen-prozesuan laguntzen saiatu behar dugu. Denok egokitzen gara elkarrekin. Eta orain, inoiz baino garrantzia handiagoa du elkar ulertzeak eta laguntzeak. Egoera berezia da guztiontzat eta kezkak, zalantzak eta beldurrak guztiok ditugu. Hau onartzen jakin behar dugu eta humanoak izaten. Profesionaltasunez jokatu behar dugu, noski. Baina guztiaren gainetik pertsonak gara eta egoera berrien aurrean ikasten ari gara.


Lehen aldiek beti dute garrantzia berezia; ala ez? Eman diezaiogun egokitzapen-aldiari ere merezi duen denbora eta lekua.


Lehen agian familiako kide batek baino gehiagok zuten egokitzapenera etortzeko aukera. Orain agian bakarrak egon behar du.

Lehen ez ginen musukoarekin egoten. Orain beharrezkoa da.

Lehen gela barruraino sartzeko aukera geneukan. Orain espazio desberdinetan pentsatu behar dugu.


Lehen agian errazagoa egiten zitzaigun egoera, ezaguna zitzaigulako baita ere. Orain oraingora egokitu behar gara, ezezaguna zaigun horretara.


Hartu lasaitasunez. Ondo ari gara! Elkarrekin lortuko dugu egoera berri honi aurre egitea. Baina ez dezagun iparra galdu. Egokitzapen-aldia funtsezkoa da, eta haurrei eskubide hau ezin diegu lapurtu. Ez ahaztu.

452 visualizaciones0 comentarios

Entradas Recientes

Ver todo