• Erraietatik

EGIA ALA GEZURRA?

Beti pentsatu izan dut gure garunaren funtzionamendua gehiago edo hobekiago ezagutuko bagenu gure haurren bidelagun hobeak izango ginatekela. Uste asko zabaltzen dira honen inguruan, "behin irakurri nuen...", "honek hari esan zion...", "esaten dute..." eta horrelakoak behin eta berriz entzuten ditugu. Baina benetan ba al dakigu nola funtzionatzen duen gure garunak?


Pasa den urtean hezkuntzan aplikatutako neurozientziaren inguruko ikastaro bat burutu nuen Marta Portero Tresserrarekin (Neurociencia enfocada a la educación), eta zoragarria izan zen! Asteburu batekoa soilik izan zen baina gehiago ikasteko gogoz utzi ninduen.


Ikastaro hartan landu genituen egun hauetan sare sozialetan partekatu dizkizuedan baieztapenak (beste gauza askoren artean, noski), eta zuekin egin dudan bezalaxe, nik ere baieztapen horiek egia ala gezurra ziren erantzun behar izan nuen. Ziur asko batzuk erraz erantzungo zenituzten, beste batzuekin, aldiz, zalantzak izango zenituzten. Baina nire galdera honakoa da: egia ala gezurra diren erantzuten jakinda ere, jakingo al zenukete hauen zergatia argudiatzen?


Ziurrenik, gaur emango dizkizuedan azalpenak ez dira behar-beharrezkoak izango jakitea zuen haurrak hezterako garaian, baina nire helburua zuen interesa piztea da, gure garunaren funtzionamenduaz gehiago jakiteko gogoa piztea. Hortaz, gaurkoak "kutura orokor" modura balioko dizue.

Hasteko, sare sozialetan erantzun duzuena partekatuko dizuet ikus dezazuen zein den jendearen uste orokorra. Bataz beste, 70 bat erantzun jaso ditut baieztapen bakoitzeko, ideia bat egin dezazuen. Bide batez, bene-benetan eskertu nahi dizue zuen parte hartzea! Baieztapen batzuetan ez da zalantza izpirik egon, baina beste asko oso parekatuak egon dira. Ez al zaizue gure garunari buruz gehiago jakiteko gogoa piztu?




Tira, ba! Has gaitezen baieztapenen inguruan sakontzen!


  • Gure garunak ordenagailu baten modura funtzionatzen du. GEZURRA!

Gure garuna ordenagailu edo robot bat baino eraginkorragoa, plastikoagoa, polifazetikoagoa... da. Beste hitz batzuetan esanda, gure garuna askoz ere konplexuagoa da. Ordenagailu batean informazioa sailka daitekeen bezala, gure garunak ez ditu "karpetatxoak" informazio hori antolatzeko. Gainera, memoria mota ezberdinak ditugu (epe motzekoa, epe luzekoa), eta epe motzekoa, adibidez, momentuoro aldatzen ari da. Ordenagailu batean, berriz, karpetetan antolatutako informazioa ez da desagertzen (guk aginduta ezabatzen ez badugu, noski). Hortaz, memoriari dagokionean, ordenagailuarena estatikoa litzateke eta garunarena dinamikoa. Hala ere, ordenagailu batetik gehien ezberdintzen gaituena honakoa da: KONTZIENTZIA. Guk kontzientzia daukagu, eta robot batek ez (oraindik, behintzat). Zer esan nahi du honek? Badakigu badakigula, kontziente gara jakin badakigula! Eta hori oraingoz gure gaitasuna da soilik.


  • Gure garunaren %10 soilik erabiltzen dugu. GEZURRA!

Hau oso zabaldua dagoen baieztapena da, nik behintzat askotan entzun (eta batzuetan sinistu) izan dut. Baina orain ulertuko duzue zergatik den gezurra. Gure garunak energia asko gastatzen du. Pentsa, gure gorputzeko energia totalaren %30 berak kontsumitzen du; eta odol-fluxuaren eta oxigenoaren %20 ere berarentzako da. Hortaz, nahiz eta garunaren %100 erabiltzen dugun, ez dugu %100 momentuoro erabiltzen, energia gehiegi kontsumituko ligukelako. Gero eta ingurune estimulagarriagoa, orduan eta aktiboago egongo da gure garuna. Hortaz, garunaren %10 soilik erabiltzen dugula gezurra da, baina %100 aldi berean eta modu kontzientean ez dugula erabiltzen egia litzateke.


  • Pertsona batzuk "eskuin hemisferioa" dira, eta beste batzuk, "ezker hemisferioa". Hemisferio bat bestearen gainartzaile izateak azaltzen du ikasleen arteko ezberdintasuna. GEZURRA!

Zenbatetan entzun ote dugu hau: "Honek dauka honek irudimena! Hau eskuin hemisferioa izango da ziur!". Ba, oso oker gaude. Nahiz eta hemisferio bakoitzak bere ezaugarriak izan, gorputz kailukarak (bi hemisferioen artean dagoen egiturak) bi hemisferioak elkarrekin lotzen ditu, informazioa batetik bestera pasatzen du. Hortaz, bi hemisferioak elkarri integratuak daude, biak behar ditugu! Hemisferioek ez dute bakarka lan egiten, modu globalizatuan aritzen dira.


  • Emozioa eta arrazoia aurkakoak dira. GEZURRA!

Ez da soilik ez direla aurkakoak, osagarriak dira gainera! Hau oso garbi ikus daiteke erabakiak hartzerako garaian. Erabaki bat emozioa alde batera utzita hartzen badugu, soilik arrazoian zentratuz, ez da guztiz eraginkorra izango edota kasu askotan ez da posible izango. Bestalde, soilik emozioei kasu eginez erabakia hartuz gero ez dugu ziurtasunik izango emaitzak positiboak izango direla. Hortaz, bien konbinaketa behar dugu, bien arteko oreka. Eta hau ez da egun batetik bestera lortzen, askotan gertatuko baitzaigu bi aldeetako batek bestea irabaztea, eta nahi ez genuen emaitzarekin topatzea. Baina akatsak ikaskuntzarako trensa baliogarriak dira. Hortaz, egin lekua biei, topatu oreka, ez baitira elkarren etsai.



  • Emakumezkoen eta gizonezkoen garunak desberdinak dira. EGIA!

Honek zalantza asko sortu dizkizue, erantzunak oso parekatuak egon dira. Baina bai, egia da! Emakumezkoen eta gizonezkoen garunak biologikoki desberdinak dira! Hasteko, alderdi sexualez arduratzen diren atalak ezberdinak dira. Bestalde, heltze-prozesu batzuk lehenago ematen dira emakumezkoetan gizonezkoetan baino. Eta azkenik, atentzio gehien ematen didana hau da: konektagarritasun patroak ez dira berdinak. Beste modu batera esanda, informazioa modu desberdinean prozesatzen dugu. Emakumezkoek bi hemisferioen arteko lotura gehiago dauzkate, hau da, modu globalizatuagoan prozesatzen dute informazioa. Gizonezkoek, berriz, hemisferio bakoitzaren barruan egiten dituzte lotura gehiago, eta ez horrenbeste hemisferioen artean. Ondorengo irudiekin hobe ulertuko duzue.


Lehena, emakumezko baten garuna da, eta kolore laranjaz hemisferioen artean egiten dituen loturak ikus ditzakezue. Bigarrena, aldiz, gizonezko baten garuna da, eta kolore urdinez hemisferio bakoitzaren barruan egiten dituen loturak ikus ditzakezue.

  • Txikitan Mozart (edo musika klasikoa) entzuteak adimentsuago egiten gaitu. GEZURRA!

Azken urteotan asko zabaldu da "Mozart efektua", baina oraingoz behintzat ez da korrelazio zuzenik topatu musika klasikoaren eta adimen edo inteligetziaren artean. Honek ez du esan nahi musika ez denik onuragarria, guztiz kontrakoa! Baina musikak adimenean baino alderdi emozionalean eragiten digu gehiago: gure aldartean eragitzen digu, estresa guxiagotzen digu... Hala ere, musika klasikoa entzuteak adimentsuago egiten ez bagaitu ere, musika tresna bat jotzeak gure kognizioan efektu positiboak dituela baieztatu da. Antzeko zerbait gertatzen da bestelako praktika artistikoekin ere.


  • Ikasleek hobe ikasten dute informazioa soilik euren ikas-estiloaren bidez jasotzen badute: ikusmenezkoa, entzumenezkoa, kinestesikoa... GEZURRA!

Ikasleek ez dute ikas-estilo bakarra, guztiekin batera ikasten dute. Hortaz, gero eta estimulu sentsorial gehiago izan ingurunean, orduan eta hobe! Baina kontuz: gehiegizko estimulurik gabe, estimulu guztiak batera eskaini gabe eta intentsitate handiegirik gabe. Eta gakoa honakoa da: hobe ikasten da informazioaren sarrera baten ostean irteera baldin badago. Hau da, informazioa zentzumenen bitartez jasotzen dugu (ikusmena, entzumena, usaimena, ukimena eta dastamena), eta komenigarria da jaso dugun hori hizkuntzaren bitartez (ahozkoa nahiz idatzizkoa) edota mugimenduaren bitartez kanporatzea. Modu horretara garunean finkatuko zaigu, epe-laburreko memoriatik epe-luzeko memoriara pasaz.

Hortaz, hemen garrantzia handia duen kontzeptu bat aipa dezakegu: ikaskuntza aktiboa edo ikaskuntza kontzientea. Ikaslea bere ikaskuntzaren partaide egitean, hau da, ikasle pasibo izatetik aktibo izatera pasatzean, beti ematen da informazioaren zirkuitu hau, non sarreraren ostean irteera dagoen.


  • Garuneko ariketek (brain gym) eta kinesiologiak garuneko bi hemisferioen arteko integrazioan laguntzen dute. GEZURRA!

Egia da garunak ikasteko mugimendua behar duela, baina oraindik ez dago ebidentzia zientifikorik non adierazten den brain gym-eko ariketa edo mugimenduek garunean eragin positiboa dutela. Lau dira brain gym-ean proposatzen diren ariketak: ura edan, garuneko botoiak sakatu (bular aldean presio batzuk eginez), martxa gurutzatua (soldadu baten gisan belaunak txandakatuz altxaz) eta hook-ups deituriko mugimendua (orkatilak, eskumuturrak eta hatzak elkarren artean gurutzatuz).

Esan bezala, garunak ikasteko mugimendua behar du baina ez gara mugimendu konkretu hauez ari. Jolas hauekin ez da memoria egonkortzen, atentzioa finkatzen ala prastizidadea lantzen, oraindik behintzat ez da horrelakorik frogatu. Bai aldiz, gure garuna ez dagoela 8 orduz geldirik egoteko prestatua, honek ez baitu atentzioaren finkapenean laguntzen. Gero eta helduago, orduan eta mugimendu gutxiago behar du garunak, baina horrek ez du esan nahi behar ez duenik.


  • Hiru urteko haur batek batxilergoko nerabe batek baino konexio gutxiago ditu neuronen artean. GEZURRA!

Harrigarria badirudi ere, hiru urteko haur batek batxilergoko nerabe batek baino konexio gehiago dauzka neuronen artean! Nerabe batek baino %50 gehiago! Honen arrazoia honakoa da: haurrei inguruko estimuluek helduoi baino gehiago eragiten die, eta lotura gehiago egiten dituzte. Behin bizitzako lehen urteak pasa ondoren, neuronen inausketa bat ematen da, non funtzionalitate bat izan duten neuronek bizirik jarraituko duten eta erabiliak izan ez direnak desagertuko diren. Hortaz, neuronen arteko loturen gutxitze bat ematen da. Orain ulertzen da haur batek zergatik dituen nerabe batek baino konexio gehiago, ezta?


Haur jaioberria, 3 urte eta 14 urte, jarraian.
  • Haur eta nerabeek atentzio gutxiago ipintzen dute edari azukredunak eta litxarreriak jan ondoren. GEZURRA!

Gure garunak funtzionatzeko glukosa behar du. Baina azukre hauek mendekotasuna sortzen dute eta azkar xurgatzen dira. Hortaz, punturik altuenetan (borobil gorriak irudian), noski atentzio gehiago ipiniko dute; baina jaitsieretan (hiruki berdeak irudian) atentzio hau ere jaitsi egingo da. Ondorioz, azukre igoera eta jaitsiera asko baldin badaude egunean zehar (azkar xurgatzen diren azukre asko jaten badituzte), honek zuzeneko eragina izango du hiperaktibitatean eta arretaren defizitean.


Azukrea punturik altuenetan eta baxuenetan
  • Adimen Anitzen Teoria neurozientzian oinarritzen da. GEZURRA!

Gardnerrek teoria pedagogiko bat garatu zuen, eta ez zientifikoa (ez zen bere intetzioa ere). Gainera, garai hartan oraindik ez zen garunaren funtzionamendua ezagutzen, hortaz, ezinezkoa da Adimen Anitzen Teoria neurozientzian oinarritzea. Bestalde, orain garunaren funtzionamendua ezagutzen dugula, agian adimen anitzen ordez adimen erlazionalez hitz egin beharko genuke. Izan ere, jakin badakigu garunean ez dagoela adimen mota bakoitzarentzako atal bat, baizik eta konexio edo lotura ezberdinak ematen direla hemisferioen barruan eta hemisferioen artean.


Atalka antolatua (gezurra) vs. erlazio ezberdinak (egia)
  • Lo gaudenean garauna ez dago aktibo. GEZURRA!

Garuna uneoro dago aktibo, esna gaudenean nahiz lo gaudenean. Zergatik uste duzue amesten dugula, ba? Lo gaudenean fase ezberdinetatik pasatzen gara: lehen fasean logura fasean gaude, lokartu baino segundutxo batzuk lehenago pasatzen da hau eta hemen garuneko uhinak lasaitu egiten dira (baina ez dira gelditzen). Bigarren fasean, azaleko loan sartzen gara, edozein zarata txikik esna gaitzake. Hemen garuneko uhinek lasaitzen jarraitzen dute. Hirugarren eta laugarren fasean lo sakonean aurkituko gara, eta hemen jada zarata handiagoa beharko da gu esnatzeko. Garuneko uhinak gero ta lasaiagoak dira baina gelditu gabe. Azkenik, REM fasean sartzen gara (ingelesez Rapid Eye Movement, begien mugimendu azakarra) eta hau da ametsen momentua. Justu momentu honetan esnatzen bagara, amesten ari ginena gogoratuko dugu, beste edozein fasetan esnatuz gero, aldiz, ez.

Honekin lotuta, askotan esan izan da lo gaudenean ikasten jarrai dezakegula. Hizkuntzak ikasteko aplikazioak ere jarri izan dira modan, non lo zauden bitartean entzuten badituzu hizkuntza berri hori ikasiko duzula bermatzen dizuten. Hau noski, gezurra da! Baina egia zatitxo bat badu, izan ere, lo gaudela ez dugu kontzientzia nahikorik ikasteko baina bai jada ikasitakoa memorian finkatzeko.

  • Lotara joan aurretik mugikorrari begira egoteak loari eragiten dio telebistari begira egoteak bezalaxe. EGIA!

Oso modu errazean argudia daiteke baieztapen hau: garunak argia esna egotearekin erlazionatzen du. Gainera, mugikorraren kasuan gertatzen den modura, argi hori begietatik gertuago baldin badago efektua handiagoa izango da. Eta telebistarekin ez bezala, mugikorrarekin interakzio gehiago ezartzen ditugunez (telebista pasiboagoa da), eragina handiagoa da. Hortaz, lotara joan aurretik mugikorrari begira edo telebistari begira egoten bagara, gure loaren kalitatea txikiagotuko da. Hau nerabezaroan areagotu egiten da.


  • Bideo-jokoetan ibiltzeak gure garunean drogek eragiten duten efektu antzekoa egiten du. EGIA!

Azken sarreran aipatu nizuen bezala, garunak sari bidez funtzionatzen du. Hau da, plazera ematen digun orok (jateak, kirola egiteak, sexuak,...) garuneko sari-sistemak aktibatzen dizkigu. Hortaz, esan nizuen bezala, amigdala martxan jarri eta dopamina askatzen da. Zertarako? Plazera eman dizun hori berriz errepika dezazun! Pantailak (bereziki sare sozialak) sari-sistema hauek aktibatzeko eginak daude. Berehalakotasunean oinarritzen dira. Adibidez, Instagramera argazki bat igotzen duzu eta momentuan erantzunak jasotzen hasten zara. Pentsa, erantzunik ez jasotzeak antsietatea sortzen digu, baita pertsona konkretu batek zer egin duen ez jakiteak edo munduak zer gertatu den ez jakiteak ere. Hortaz, bideo-jokoekin antzeko zerbait gertatzen da. Plazera sentitzen dugu, sari-sistemak aktibatzen dira eta berriro errepikatzeko gogoa sartzen zaigu, askotan menpekotasuna eraginez.


  • Garuneko ezberdintasunek eragindako ikaskuntzarako zailtasunak ezin dira hezkuntzaren bitartez leheneratu. GEZURRA!

Garunak duen plastikotasunari esker, garunean egon litezken defizit horiek hezkuntzaren bitartez konpentsatu daitezke, hein batean behintzat. Neuro-erreabilitazio kasu ikusgarriak ematen dira! Faktore askok eragiten dute, baina inguruneak konpentsatu lezake, neurri handiagoan edo txikiagoan.

Askotan, gure geletan, hanka sartzen dugu horrelako defizitak dituzten haurrekin. Esaterako, dislexia duen haur bati curriculuma egokitzen badiogu eta estimulatzeari uzten badiogu, ez du hobekuntzarik izango. Alderaketa batekin hobe ulertuko duzue: fisioterapeuta batek inoiz ez dizu esango besoa ez mugitzeko lesio baten ondoren, horrela ez baituzu mugimendua berreskuratuko. Zure beharren araberako arikeak emango dizkizu, eta behin eta berriz errepikatzeko esango dizu.


 

Mundu txundigarria gure garunarena, ez da ala?


Hasieran aipatu bezala, zuen interesa piztea da nire intentzioa, gure garunaz gehiago jakiteko interesa piztea. Izan ere, gaurkoan ez naiz gehiegi zentratu haurren garunaren funtzionamenduan, baina badut intentzioa horren inguruan ikasten dudan heinean infomazioa zurekin partekatzeko.

Ea, esaidazue. Zer iruditu zaizue gaurkoa?


#neurozientzia #garuna #egiaalagezurra #hezkuntza #erraietatikhezi

271 visualizaciones1 comentario

Entradas Recientes

Ver todo