Erraietatik
ELOY MORENO: Gaztetxoen nahiz helduon idazle đ€

Aspalditik nabil Eloy Moreno idazlea gomendatzeko asmotan, eta azkenean topatu dut tartea! Ezagutzen duzue? Erantzuna ezezkoa bada argitalpen hau irakurri beharrean zaudete, merezi du eta!
Bere webgunean (https://eloymoreno.com/) bere hastapenez hitz egiten digu.
2006ko arratsalde batean ordenagailu baten aurrean ipini eta idazteari ekin zion. Garbi zeukan: Berak irakurri nahiko lukeen eleberria idatzi nahi zuen. Halaxe, 2 urte baino gehiago pasa ziren eleberri hura amaitu zuen arte, bere bizitzaren zatitxo bat eleberri horretan utzi zuen.
2009 erdialdean amaitu zuen. Gau hartan bertan, eleberriaren aurrean ipini eta ez zuen zalantzarik izan, ezinhobe zegoen. Baina orduan zer? Ohartu zen, bi urteren ondoren eleberria bete-betea zegoela, osatua, eta bera berriz, hutsik geratu zela. Konturatu zen eleberri bat irakurria izateko jaiotzen dela.
Horrela, eleberriari bizitza itzultzea erabaki zuen, berak bere kabuz argitaratzea.
Istorio polita, ezta? Ba, jarraian gomendatuko dizkizuedan liburuak are politagoak dira! Hori bai, nik irakurri ditudanak soilik gomendatuko dizkizuet, baina jakin gehiago ere idatzi dituela.
Izenburuan diodan bezala, gaztetxoen eta helduon idazlea da Eloy Moreno, izan ere, adin-tarte ezberdinentzat idazten du, eta horrek aberatsago bilakatzen du!
9 urtetik aurrera (adin mugarik gabe):
Cuentos para entender el mundo liburu bilduma ipuinez osaturik dago. Mundua birplantearaziko diguten ipuinak dira, irakaspenak utziko dizkigutenak. Liburu hauek haur izaten jarraitzen duten guztientzat daude gomendatuak, helduek disimulatzera behartzen badituzte ere.
Cuentos para entender el mundo 1: 38 ipuin biltzen dituen liburua da.
https://eloymoreno.com/producto/cuentos1

Cuentos para entender el mundo 2: 36 ipuin biltzen dituen liburua da.
https://eloymoreno.com/producto/cuentos-para-entender-el-mundo-2

Cuentos para entender el mundo 3: 32 ipuin biltzen dituen liburua da.
https://eloymoreno.com/producto/cuentos3

*GIDA DIDAKTIKOA: Guretzat, irakasleontzat, oso baliagarria den gida didaktiko bat argitaratu du Eloy Morenok ipuinez beteriko hiru liburu hauen inguruan. Eskertzekoa da, benetan! Hementxe uzten dizuet eskuragarri, baina bere webgunean ere topa dezakezue.
https://eloymoreno.com/wp-content/uploads/2020/09/GUIACUENTOS.pdf
Nerabeentzat eta helduontzat:
Ikusezin (eus) - Invisible (cast): Nork ez du inoiz desiratu ikusezina izatea? Nork ez du inoiz ikusezina izateari utzi nahi izan? Arazoa da ez dudala inoiz botere hori ondo kontrolatu: batzuetan, ikusezina izateko gogorik handiena nuenean, orduan ikusten ninduen jende gehienak, eta, aldiz, denek ikustea nahi nuenean, nire gorputza desagertu egiten zen.
https://eloymoreno.com/producto/invisible
https://www.elkar.eus/es/liburu_fitxa/ikusezin/moreno-eloy/9788417940355
*GIDA DIDAKTIKOA: Eleberri honentzat ere sortu zuen bere garaian gida didaktiko bat, benetan gomendatzen dizuedana! Hementxe uzten dizuet eskuragarri, baina bere webgunean ere topa dezakezue.
https://eloymoreno.com/wp-content/uploads/2020/03/GUIA-INVISIBLE.pdf
Helduontzat:
Tierra: Egia aurkitzearen arazoa da, hau aurkitzean berarekin zer egin ez jakitea. Mundua ikusteko modua aldatuko duen eleberria. Irakurle maitea, zure eskuetan duzu erantzuteko zailak diren galderak planteatzen dituen eleberri bat; bilatu arren aurkitu nahi ez genituzkeen egia horiei buruz hitz egiten duen eleberri bat. Ezin dizut azaldu zer den liburu hau, horrek haren magia hautsiko bailuke, baina benetan diotsut irakurri berri duzunean mundua beste era batera ikusiko duzula.
https://eloymoreno.com/producto/tierra

*TRAILERRA: Liburu honen trailerra burutu du duela gutxi Eloy Morenok. Niri ileak puntan jarri zaizkit. Liburuak biziarekiko ikuspegia aldatzen dizu guztiz, eta trailerra ikustean bertan sentitu dut nire burua, liburuaren barruan. Agian hobe da lehenik liburua irakurtzea, eta ondoren, trailerra ikustea. Baina erabaki hori zuen esku utziko dut.
Jakin nik ez dudala ezer irabazten gomendio honengatik, ez da publizitatea. Benetan gomendagarria iruditzen zaidalako kontatzen dizuet, merezi duelako! :)
Cuentos para entender el mundo liburuek hausnarketarako bidea irekitzen digute. Abiadura handian bizi dugun egunerokotasunean, minutu gutxiez bada ere, gelditzen laguntzen digute eta bizitzaz hausnartzen. Bertako ipuin guztiek ikaskuntza txiki handiak uzten dizkigute, ipuin guztien amaieran pentsakor geratzen gara.
Ikusezin eleberria ezinbesteko irakurketa izan beharko litzateke nerabe guztientzat, hezkuntzan lanean ari garen guztiontzat eta familientzat. Askotan ezkutuan garatzen den gai sakon bat lantzen du, eta batzuetan aurpegia ematen duenerako beranduegi izaten da. Barrua mugiaraziko dizue, dudarik gabe. Agian negar egingo duzue, edo triste utziko zaituzte. Baina horrelako eleberri gehiago behar ditugu.
Tierra eleberriak mundua beste modu batera ikusten lagunduko dizue. Egiaz hitz egingo dizue, eta erantzutea zailak diren galderez. Baina ez dizuet gehiago kontatuko. Ezin dizuet gaia zehaztu, ezta gertakizunik kontatu ere. Bakarrik esango dizuet 500 orrialdetik gora dituen liburu hau amaitu arte ezingo duzuela zuen albotik kendu, eta ondoren zuen buruan eramango duzuela denbora luzez.