• Erraietatik

Ez dezagun inoiz haur batek bezala begiratzeari utzi

Printze txikiak garbi dauka: pertsona nagusiek etengabe behar dituzte argibideak. Bere marrazkiak ez zuen kapelu bat erakusten, ez. Elefante bat irensten ari zen boa suge bat erakusten zuen. Baina bere artelana pertsona nagusiei erakutsi eta ea beldurtzen ziren galdetzean, erantzuna beti berdina zen: "Zer dela eta beldurtu behar gara kapelu batekin?" Orduan, boa sugearen barrunbea marraztu zuen, pertsona nagusiek uler zezaten. Baina Printze txikiarentzat (eta beste haur guztientzat), nekagarria da beti argibideak ematen ibili behar izatea.


Printze txikiak, txiki izateari utzi zion behin eta heldu bilakatu zen. Eta heldu izanik ere, beti berarekin eramaten zuen bere artelana. Buruargi samarra iruditzen zitzaion norbaitekin elkartuz gero, marrazkiaren froga egiten zion. Eta noski, beti erantzun bera jasotzen zuen: "Kapelu bat da, kapelu bat". Baina jada, ez zuen argibiderik ematen. Ez zuen boa sugeez, ez oihan birjinez, ez izarrez hitz egiten. Helduaren mailara jaisten zen eta bridge-az, golfaz, gorbatez eta politikaz hitz egiten zuen. Pertsona nagusia poztu egiten zen bera bezalako gizon zentzudun bat ezagutzeaz.



Printxe txikiaren artelana
 

Ez dakit gure neska-mutilek obra honen berri ba ote duten. Zuek, helduek, ordea, pentsatzen dut ezagutuko duzuela. Diotenez, munduko hizkuntza guztietara itzulia da. Baina, zergatik uste duzue gustatzen zaiela horrenbeste helduei hain gaizki agertarazten dituen obra bat?


Nik uste dut argi daukadala. Obra honek gure haurtzarora eramaten gaitu, harekin konektatzen dugu. Gure benetako esentziarekin, izatearekin, bat egiten dugu. Barruarekiko konexioa berrezartzen dugu. Nolabait esateko, izan ginen (eta oraindik ere barru-barruan garen) horrenganako nostalgia sentitzen dugu.


Hargatik dio Printze txikiak begiak itsuak direla; hargatik dio, bihotzarekin soilik bila daitekeela.


Hori da gune honen helburua. Gure barneko haurrarekin konektatzea, gure benetako izatearekin bat egitea, barruarekin konexioa ezartzea. Ikasiak ditugun milaka gauza desikasi behar ditugu (nik neuk ere bai, noski), haurrek begiratzen duten modura begiratu ahal izateko. Izan ere, gu behin haurrak izan ginen, eta begirada hori berreskuratzeak gure haurrengana hurbiltzen lagunduko digu.


Animaliak gara jatorriz. Animalia guztiek euren senari esker badakite uneoro euren kumeek behar dutena. Animaliak gara jatorriz, baina gure sena lokartu egin zaigu. Gugan dago, gurekin jarraitzen du, baina kanpotik ikastiako guztiaren azpian dago lurperatua. Horregatik desikastearen beharra. Guganako konfiantza berreskuratzeko beharra.


Zalantzak argitzeko gunea izango da hau, bagenekiena baina ahaztua duguna gurera ekartzeko gunea. Elkarrekin ikasteko aukera izango dugu, nik zuekin eta zuek nirekin.


Ez ahaztu, animaliak gara eta BADAKIGU nola hezi gure kumeak. Begirada zertxobait garbitu, desikasi beharrekoa gure zakuetatik kendu eta gure senarekin konektatu, horixe da egingo duguna.


Haurren begirada berreskuratzeko prest? Ekin diezaiogun ba!


Printze txikia eta arrosa

pD: Ez nator inori lezioak ematera, ez da nire asmoa. Ez dakit guztiaz, ezta jakin nahi ere. Interesa pizten didaten gaien inguruan hitz egin nahi dut, hausnartu eta zuekin partekatu. Zuekin batera ikasi eta hezkuntzaz hitz egingo duen gune "esanguratsu" bat burutu.



Bibliografia

Landa, M. (2000). Printze Txikia: haurtzaroaren nostalgia. Behinola, (3), 61-62.

De Saint-Exupéry, A. (2014). Printze txikia. Donostia: Elkar.


352 visualizaciones1 comentario

Entradas Recientes

Ver todo