• Erraietatik

Harri, orri, ar!

Egun hauetan sare sozialetan adierazi bezala, gaur jolas batekin natorkizue. Harri, orri, ar! jolasa hain zuzen ere. Ezagutzen duzue, ezta?



Harri, orri, ar! jolasa

Eta zertara ote dator itxuran horren arrunta den jolas hau? Berehala ulertuko duzue!


Lehenik eta behin, lagun bat topatu behar duzue. Bikotea, seme-alabak, pisukidea, gurasoak, aiton-amonak... Baten bat behar duzue! Mugi, inor topatu ezean ezingo duzue irakurtzen jarraitu (ez egin tranparik!). Bakarrik zaudetela etxean? Hartu mugikorra eta egin bideo-dei bat, aspaldi honetan bideo-deiei eskua hartuta egongo zarete eta! Ez dago aitzakiarik, e!


Listo? Topatu duzue laguna? Berriro diotsuet, ez egin tranparik!


Tira, konfiantzazko boto bat emango dizuet eta hurrengo pausoa zein den esango dizuet.


Jarri lagunarekin parez pare eta kontzentratu. Ahaztu elkarlanaz, kooperazioaz, eskuzabaltasunaz... Dinamika honetan lehiatu egingo dugu eta onenak irabaziko du!


3 puntura jolastuko dugu, irabazten den partida bakoitzeko puntu bat irabaziko da. Ulertu duzue, ezta?


Ea ba, 3, 2, 1.............. LEHIATZERA!!!





Zer moduz joan da? ZORIONAK IRABAZLEEI! Nolako irribarrea duzuen ahoan, e! Ondo sentitzen zarete, ezta? Badirudi, jolasteak ondo sentiarazten gaituela, ez da hala?


JOLASA TRESNA ZORAGARRIA DA! GURE ERREMINTA GARRANTZITSUENA!


Askotan entzungo zenuten jolasak garrantzia handia duela ikaskuntzan, haurrek jolasaren bidez hobe barneratzen dituztela edukiak, jolasak euren irudimena martxan jartzen duela... baina benetan ba al dakizue zer gertatzen den pertsona baten garunean jolasten duenean?


GARUNEKO SARI-SISTEMAK AKTIBATZEN DIRA (SISTEMA LINBIKOAN) ETA HAUEK ZUZENEKO LOTURA DUTE KORTEX PRE-FRONTALAREKIN.


Sistema linbikoa eta kortex pre-frontala

Galdu egin zaretela? Lasai! Agian zalantzak sortuko zaizkizue gaurko sarrera irakurri ostean, baina egingo ditut argitalpen gehiago kontzeptu ezberdinak sakonduz.


Jarrai dezagun, ba! Zer dira garuneko sari-sistemak? Eta nola funtzionatzen dute?


GARUNAK SARI BIDEZ FUNTZIONATZEN DU!


Sari-sistemek hiru fase dituzte:

Garuneko amigdala
  • Lehenengo fasea: Fase hau sare sozialetan hasi genuen. Gogoratzen esan nizuenean: nirekin jolastu nahi? Horrek ziur zirrara pittin bat eragin zuela zuengan. Oraindik ez gara ezagutzen, eta agian, "paso" egin zenuten. Baina, normalean, norbaitek jolas bat proposatzean interesa, irrika, desira pizten da gugan. Hau garuneko atal linbikoan ematen da (beheko irudian ikus dezakezue zein den atal hau, garun emozionala litzateke) eta txiki-txikia den baina ikaskuntzan eragin handikoa den egitura bat aktibatzen da: AMIGDALA! Amigdala eszitatu egiten da eta neurotransmisoreak askatzen hasten da ("-ina" amaiera duten guztiak). Neurotransmisoreek informazioa eramaten dute neurona batetik bestera. Hala, badago neurotransmisore bat atal linbikoa kortex pre-frontalarekin konektatzen duena: DOPAMINA! Hortaz, kortex pre-fronatala dopaminak hartzen du (pentsa dopamina ziontsu izateko behar-beharrezkoa dugun hormonetako bat dela, beste batzuen artean) eta hemen bigarren fasean sartzen gara.


ADIMENA, EMOZIOA ETA SENA

  • Bigarren fasea: Ekintzaren fasea da hau, non jolasa martxan jarri duzuen zuen laguna garaitzeko. Hemen funtzio betearazle guztiak aktibatzen dira. Zer diren funtzio betearazleak? Garunean martxan jartzen diren ekintza konplexuak dira, eta behar-beharrezkoak plangintzak egiteko, ekintzei aurre hartzeko, malgutasunez jokatzeko, auto-zuzentzeko, emozioen autokontrola izateko, etab. Hauek ez ditugu bat-batean ikasten, berez bizitza osoa behar izaten dugula esatera ere ausartzen naiz. Jolasera itzuliz, zuek jolasean murgilduta zeundetela, ondorengo funtzio betearazleak jarri dituzue martxan, besteak beste:

- Automotibazioa: Momenturen batean ez al duzue zuen burua animatu? "Tira, partida hau nirea da!"

- Emozioen autokontrola: Momenturen batean galtzen joan bazarate, ziurrenik zuen emozioen autokontrol bat izango zenuten. "Ez da ezer gertatzen, jolas bat besterik ez da!"

- Antolaketa, ekintzen egituraketa: Plangintza moduko bat egingo zenuten ziurrenik jolasa hasi aurretik, baita jolasten ari zinetela ere. Horren arabera antolatu eta eraso egin diozue zuen lagunari.

- Malgutasun kognitiboa: Jolasa modu batera antolatua zenuten baina lagunak hartu duen estrategiagatik, zuena aldatzea pentsatu duzue. Eta hau, momentuan egin duzue!


  • Hirugarren fasea: IRABAZTEA LORTU DUZU!!! Berriro ere sistema linbikora gatoz bueltan, emozioen gunera, eta hemen garuneko sari-sistemak aktibatzen dira. Hemen neurotransmisore bat askatzen da: SEROTONINA! Gure gogo-adartean eragiten du zuzen-zuzenean eta honek EZINHOBE sentiarazten gaitu!!!


PLAZERA!


 

Ondorioz, edozein ikaskuntza emateko lehenik eta behin interesa, irrika, desira sortu behar da. Honek ekintza batera eraman behar gaitu eta ekintza hau ikasleak berak burutu behar du, bera izan behar da bere ikaskuntza prozesuaren protagonista, aktiboki hartu behar du parte. Eta azkenik, askotan ahazten zaiguna baina berebiziko garrantzia duena, asebetetze bat egon behar da, plazera! Akaso zuei ondo ematen ez zaizkizuen gauzak gustatzen zaizkizue? Ez, ezta? Ba, gure ikasleei ezta ere!



Ondo ematen zaizkigun gauzak gustatzen zaikigu, egingarriak zaizkigunak, egiteko gai garenak. Eta hau ez da gauzak oparitzea, ez! Hau zailtasun maila haurrek duten gaitasun mailara egokitzea da, proposatzen dugun ekintza euren aurre-ezagutzen arabera egokitzea. Honek motibazioarekin zuzeneko harremana dauka. Haurrek dituzten aurre-ezagutzetatik oso urrun badaude proposatzen dugun jardueraren helburuak, haurrak ez dira batere motibatuko, zailegia izango baita eurentzat. Bestalde, dakitenetik hurbilegi badago jarduera, hau da, errazegia baldin bada, honek ere ez du motibaziorik eragingo eurengan, egiten jakingo baitute.


Ezinbestekoa da haurren aurre-ezagutzak ezagutzea ikaskuntza prozesuan zehar zailtasun maila euren neurrira egokitzen joateko.



Aspergarria -> Dibertigarria -> Frustragarria

 

Iritsi gara amaierara! Espero dut lehen baina hobekiago ulertzen duzuela gure garunaren funtzionamendua. Ziurrenik zalantzak sortu zaizkizue kontzeptu berri askorekin topatu zaretelako, ala agian ni baino jantziago zaudete neurozientzian eta zuek eman beharko dizkidazue azalpenak. Zuen egoera dena delakoa izanda ere, lehen aipatu bezala kontzeptu hauek eta beste batzuk sakontzeko asmoz egingo ditut argitalpen gehigao. Hortaz, galduta sentitu zaretenok, lasai!


Amaitzeko, Francisco Moraren hitz batzuk oparitu nahiko nizkizueke: “Los maestros deben entender que nada que no pase por la emoción nos sirve en nuestro aprendizaje. Solo se aprende aquello que se ama”.


Beraz, badakizue: jarraitu haurrak emozionatzen, ziur ederki aritzen zaretela!



Bibliografia

Echezarra, L. (2013). Plazeraren oinarri neurobiologikoak: sari-sistema zerebrala. Zientzia.eus. Hemendik hartua: https://zientzia.eus/artikuluak/plazeraren-oinarri-neurobiologikoak-sari-sistema-z/

Lázaro, C. (2019). Nunca le pidas a un niño que te preste atención [podcast audioa]. Hemendik hartua: https://www.ivoox.com/nunca-le-pidas-a-nino-te-audios-mp3_rf_35780809_1.html


#neurozientzia #ikasketaprozesua #motibazioa #emozioa #zailtasunmaila #plazera #garuna

223 visualizaciones1 comentario

Entradas Recientes

Ver todo