Erraietatik
⮀ Lateralitatea ⮀
Hitz gutxitan esanda, lateralitatea gure gorputzaren albo bat erabiltzeko dugun lehentasuna da.

Gure gorputza luzetara erdibituko bagenu, ardatzaren albo banatan geratzen diren aldeetako baten erabilera ohikoenak markatuko luke gure lateralitatea, hau da, ezker alboak edo eskuin alboak. Era berean, ardatz horrek bi erditan edo hemisferiotan banatzen du burmuina, eta, funtzioen dibertsifikazioa dela eta lateralitatea garatzen da. Hortaz, garuneko lateralitateak gorputzeko lateralitatea eragiten du.
Pertsona gehienen kasuan, ezkerreko hemisferioak eskuineko gorputz-erdia gobernatzen du, eta eskuineko hemisferioak, berriz, ezkerreko erdia gidatzen du. Oraindik ez da honen arrazoia ezagutzen, baina bitxia da, ez zaizu iruditzen?
Lateralitatea hiru fasetan bana dezakegun prozesu bati jarraituz garatzen da:
Identifikazio-fasea (0-2 urte): Haurrak bere lateralitatea zehaztu gabe duen unea da. Bi esku dituela eta bereak direla deskubritzen du. Etapa horretan, manipulatzen dituen objektuak hartu eta bota egiten ditu, eta konturatzen da horrek ingurunearekin elkarreragiteko aukera ematen diola.
Alternantzia-fasea (2-4 urte): Haurra esploratzaile bihurtzen den aldia da, denak liluratzen du eta, horregatik, batetik bestera ibiltzen da, bere eskura dagoen guztia ukituz. Arretaz begiratuz gero, ikusiko dugu bi eskuak berdin erabiltzen dituela edozein jarduera burutzeko.
Automatizazio-fasea (4-7 urte): 4 urtetik aurrera, haurrak pixkanaka bere keinuak automatizatzen dituela ikusiko dugu. Haurra alde bat bestea baino gehiago erabiltzen hasten den unea da honakoa. Horrela, zulo batetik begi nagusitik begiratzen hasiko da, telefonoaren aurikularra lehentasunezko belarrira eramango du, pilotari oin nagusiarekin joko dio, arkatza esku dominantearekin hartuko du idazteko, edo edalontzi bat ohiko bilakatuko duen esku horrekin hartuko du.
Ohartuko zineten, beraz, lateralitatea Haur Hezkuntzako etapan definitzen duela haurrak. Hori dela eta, gorputzaren bi alboen eta bi eskuen gaineko jarduerak burutu beharko dira hemen, haurrak bere sintesia egin dezan eta lehentasunezko eskua aukeratzeko adina datu izan ditzan.
Lateralitate mota ezberdinak daude:
Eskuina: garunaren ezker hemisferioak gobernatzen du eta gorputzaren eskuineko aldeak burutzen ditu jarduera motorrak.
Ezkerra: garunaren eskuin hemisferioak gobernatzen du eta gorputzaren ezkerreko aldeak burutzen ditu jarduera motorrak.
Eskuin faltsua: zoritxarrez, garai batean ezkertiarrak gaixotzat jotzen zituzten eta eskuinarekin lanak egitera behartu. Zorionez, horrelako sinesmenak ia desagertu dira gure gizartean.
Eskuin-ezkertia: ezkerra jarduera batzuetarako erabiltzen denean, eta eskuina beste batzuetarako.
Lateralitate gurutzatua: esku nagusia eta begi nagusia ez direnean alde berekoak.

Baina, momentua iristen denean, nola jakin dezakegu gure haurraren lateralitatea?
3-4 urtetik aurrera, zuen haurrekin behaketa hauek egin ditzakezue, zein aldetara jotzen duen ikusteko (baina gogoan izan 6-7 urtera arte haurrak ez duela bere lateralitatea guztiz garatua izango):
Nola jaten du, eskuinarekin ala ezkerrarekin?
Pilota bat botatzean zein eskurekin hartzen du? Eta ostikoz, zein hankarekin jotzen dio?
Guraizeekin mozten saiatzen denean, nola egiten du eskubiaz edo ezkerraz?
Hortzak eskuilatzea senez egiten omen dugu, nola egiten du zure haurrak?
Eskuinarekin ala ezkerrarekin orrazten du bere burua? Eta besteena?
Arkatza zein eskurekin heltzen du?
Poto baten estalkia biratzeko eskatzen badiogu, nola egiten du?
Zintz egiteko eskatuz gero, zein eskurekin heltzen dio sudurrari?
Horrelako ekintza asko beha ditzakegu, eta pixkanaka-pixkanaka ohartuko gara alde batekiko lehentasuna erakutsiko duela.
Jada badakigu zer den lateralitatea, zer faseren bidez ematen den, noiz ematen den eta zer motatakoa izan daitekeen. Baina, ez al zaigu garrantzitsuena falta?
Nola egin dezakegu honen lanketa? Nola estimula dezakegu haurra bere lehentasunezko aldea aukeratzeko gai izan dadin?
Jarraian, lateralitatea lantzeko modu ezberdinak topatuko dituzue. Hiru multzotan banatu ditut (gorputzaren bidez, simetriaren bidez, eta orientazio nahiz norabidearen bidez lantzeko), baina multzo hauek ez dira itxiak ezta bakarrak ere! Lateralitatea lantzeko mila modu ditugu eta hemen aukera batzuk proposatuko dizkizuet. Aurrerago ideia gehiago bururatuz gero, hauek ere partekatuko dizkizuet.
Bestalde, ikusiko duzuen modura, bi proposamen daude soilik azalduta. Beste guztiak izenburuarekin soilik utzi ditut eta batzuen alboan txantiloia jartzen du. Zer esan nahi du honek? Sarrera honetan ez duzuela argazki edota materiala burutzeko txantiloirik topatuko (azaldu ditudan bi proposamen horiek kenduta). Baina lasai! Nire intentzioa datozen egunetan sare sozialetan materialen argazki eta bideoak partekatzea da, eta guztiak partekatuak ditudanean sarrera berri batean bilduko ditut euren argazki eta txantiloiekin; jakin baitakit zuetariko askok ez dituzuela sare sozialak erabiltzen. Hortaz, lasai egon. Egun batzuk barru itzuliko naiz material hauen argazki eta txantiloiekin.
Txantiloiak EZ ditut sare sozialen bidez partekatuko, lehen aipatutako sarrera komun horretan ipiniko ditut. Hortaz, argazkiak eta bideoak azalpenekin topatuko dituzue lehenik, eta txantiloiak aurreraxeago.
Lateralitatea gorputzaren bidez lantzeko:
Twister jolas klasikoa [txantiloia]
Oinen ibilbidea [txantiloia]
Oin eta eskuen ibilbidea [txantiloia]
Ibilbide itsua: begiak estaliko dizkiogu jolasean parte hartu behar duen haurrari eta ibilbidearen hasieran ipiniko da. Ibilbidea A4 orriez osatua egongo da lurrean, eta haurra orriz orri joan beharko da orriak zapalduz guk gidatzen dugularik. Nola? Eskuineko sorbaldan ukituz gero eskuinera eman beharko du pauso bat. Ezkerreko sorbaldan ukituz gero, pausoa ezkerrera eman beharko du. Eta buruan ukituz gero pauso bat aurrera. Horrela, gorputzean sentitzen duenaren arabera joango da ibilbidean aurera. (jarraian duzue bideo bat)
Laguna ispilu!: parez-pare jarriko dira aurrak binaka eta batak egiten dituen mugimenduak besteak egin beharko ditu ispilu batean ikusten ariko balitz bezala. (jarraian dituzue pare bat argazki)
Lateralitatea simetriaren bidez lantzeko:
Orri bat tolestu eta... magia!
Etxeko objektuekin ispilu lanetan
Tapoiez tapoi, berdinak al dira? [txantiloia]
Aurkitu nire erdia [txantiloia]
Lateralitatea orientazioaren eta norabidearen bidez lantzeko:
Tapoiak dantzan! [Txantiloia]
Mahaia jartzera! [Txantiloia]
Norantza doaz geziak?
***
Material hau eskura izan nahi duzuela? Egon adi datozen egunetan, sare sozialetan partekatuko ditut eta! Eta besteok lasai, esan bezala egun batzuk barru guztiak eskuragarri izango dituzue blogean ere, txantiloi eta guzti!
Lateralitateaz, simetriaz, orientazioaz... zerbait kontatu nahi badidazue, jardueraren bat proposatu edota zuen esperientziaren bat partekatu, badaizue iruzkinetan idatz diezadakezue! :)
Bibliografia:
Esteban, E. (2018). Claves para saber si tu hijo es diestro o zurdo. Guía Infantil. Hemendik hartua: https://www.guiainfantil.com/blog/educacion/claves-para-saber-si-tu-hijo-es-diestro-o-zurdo/
García, E. B. (2007). La lateralidad en la etapa infantil. Efdeportes. Hemendik hartua: https://www.efdeportes.com/efd108/la-lateralidad-en-la-etapa-infantil.htm
Tarrés, S. (2016). Lateralidad en los niños. Guía Infantil. Hemendik hartua: https://www.guiainfantil.com/articulos/salud/la-lateralidad-en-los-ninos/
#lateralitatea #gorputza #simetria #orientazioa #norabidea #materialmanipulagarria #hezkuntza #erraietatikhezi