top of page
  • Foto del escritorErraietatik

LATERALITATEA lantzeko proposamenak! (txantiloiak deskargatzeko aukera)

Banator sare sozialetan partekatu ditudan proposamenen argazki, bideo eta txantiloiak zuekin partekatzera!!!:)

Aurreko argitalpenean esan bezala, jarduera asko egin daitezke lateralitatea lantzeko, hauek proposamen batzuk besterik ez dira. Jarraian lateralitateari buruzko sarreran erabilitako sailkapenaren bidez ordenatuko ditut jarduerak!


Lateralitatea gorputzaren bidez lantzeko:

  • Twister jolas klasikoa. Denok ezagutuko duzuen jolas hau etxean eraiki dezakezue nik jarraian eskuragarri jarriko dizuedan txantiloiaren bidez. Jolasa guk eraikitzean aukerak zabaltzen zaizkigu (koloreak aukera ditzakegu, tamaina, guztiak biribilak izan beharrean forma geometriko ezberdinak sar ditzakegu hauen lanketa egiteko, gorputz atal gehiago sar ditzakegu ala gutxiago...), hortaz, nire txantiloia aldatu nahiko bazenute, eskatu lasai word formatuan. Zer eskaintzen digu jolas honek? Gure gorputzaren ezagutza, mugimenduen kontrola, espazioko kokapena, orientazioa, arreta, kontzentrazioa, oreka, eta nola ez, lateralitatearen garapena. Jarraian txantiloia eta sare sozialetan partekatutako argazkia eta bideoa topatuko dituzue.

Twister
.pdf
Download PDF • 125KB
  • Oinen ibilbidea. Gure gorputzeko psikomotrizitate lodia lantzeko jarduera bikaina da hau, eta haurrek gainera asko gozatzen dute. Oinen itzalez osatutako ibilbide honetan bi hankekin batera salto eginez egin beharko du aurrera haurrak, eta bere gorputzaren norabidea egokituz joan beharko da oinen itzalek adierazten dioten aldera. Ikusten duzuen bezala, ez dugu gorputza bitan banatzen (ondorengo proposamenean edo twisterrean gertatzen den bezala), gorputza bere osotasunean mugitzen da, bloke bat balitz bezala. Hemen ere, gorputzaren mugimenduak doitzen joango da haurra, eta orientazioa nahiz norabidea, kokapena, arreta, kontzentrazioa, oreka, eta nola ez, lateralitatea garatuz joango da. Jarraian txantiloia eta sare sozialetan partekatutako argazkia eta bideoa topatuko dituzue.

Oinen ibilbidea
.pdf
Download PDF • 437KB
  • Oin eta eskuen ibilbidea. Aurreko proposamenaren antzekoa da honakoa, baina zailtasun maila igo egiten da. Hemen jada gorputzak ez du bloke baten antzera jokatzen, hemen bi oinak eta bi eskuak bananduta funtzionatzen dute. Gorputzaren gaineko kontzientzia handiagoa garatuko du haurrak jolas honen bidez, eta ziurrenik arreta eta kontzentrazio handiagoa eskatuko dio, esfortzu pittin bat gehiago. Ikusiko duzuen bezala, nik hirunaka antolatu dut lerro bakoitza, baina aukerak anitzak dira. Hala ere, kontuz! Kokapena ondo pentsatu eta aurretik frogatu. Adibidez, eskuineko eskuaren irudia ezingo duzue ezker aldean jarri, haurra nahastu egingo baita. Gorputzaren mugimenduak doitzen jarraitzeko balioko dio haurrari jolas honek, baita norabidea, orientazio espaziala, kokapena, arreta, kontzentrazioa, oreka eta lateralitatearen garapena lantzeko ere. Jarraian txantiloia eta sare sozialetan partekatutako argazkia eta bideoa topatuko dituzue.

oin esku ibilbidea
.pdf
Download PDF • 438KB

Lateralitatea simetriaren bidez lantzeko:

  • Orri bat tolestu eta... magia! Zenbat gustatzen zaien haurrei hauts magikoak bota eta magia egitea, ezta? Bada, hontaz baliatu gaitezke haurrengan ilusio hori piztu eta gauza ezberdinak lantzeko. Ziur nago jarduera hau guztiok egin duzuela noizbait, eta askok agian lantzen ari zinetenaren gaineko kontzientzia handiegirik gabe, gainera. Orri bat, errotulagailu beltz bat, tenperak eta ixipua eskura badituzue, prest zaudete jardueratxo hau egiteko! Jarraian ipiniko dizkizuet bideoak azalpenekin. Haurrak ez du simetria kontzienteki burutuko, baina ustekabean sortuko zaion simetria horren gaineko kontzientzia hartzen hasiko da, eta gainera, asko gozatuko du!

  • Etxeko objektuekin ispilu lanetan. Haurrarentzat ezagunak diren edo berari gustatzen zaizkion objektuekin has gaitezke simetria modu kontzienteagoan lantzen. Erdigunea ondo deifinituko duen zerbait beharko dugu (soka bat, zinta bat...). Haurrarekin batea aukera ditzakegu jolas honetan erabiliko ditugun objektuak, baina kontuz! Bakoitzetik bina objektu berdin izan beharko ditugu eta! Hasieran, eredu bakarra emango diogu eta objektu gutxiz osatua egongo da (iruditan ikus dezakezuen bezala, lehen ereduan hiru objektu besterik ez daude). Berak ere ikus dezake nola osatzen dugun eredua, ondoren, beste aldean errepika dezan. Ondoren, bi eredu batera eman diezazkiokegu eta zailtasun maila zertxobait igo. Nahi adina konplika dezakegu proposamen hau, objektu gehiago sartuz, edota aldi berean eredu bat baino gehiago emanez.

  • Tapoiez tapoi, berdinak al dira? Helduok proposatutako ereduaren simetria burutu beharko du haurrak (aurrerago, haur batek besteari ere proposa diezaioke eredua). Arreta, kontzentrazioa, orientazio espaziala, begi-esku koordinazioa, simetria, psikomotrizitate fina, eta nola ez, lateralitatearen garapena landuko ditu haurrak, besteak beste, jarduera honekin. Izenburuak iradokitzen duen bezala, jarduera tapoiekin burutu daiteke, hortaz, material berziklatuaz ere egin dezakezue. Hala ere, jarraian jarriko dizuet nik sortutako txantiloia, horrela inprimatu eta plastifikatu besterik ez duzue egin beharko. Sare sozialetan partekatutako argazkia eta bideoa ere hemen uzten dizkizuet nola jolastu ikusteko.

tapoiez tapoi
.pdf
Download PDF • 7KB
  • Aurkitu nire erdia. Fruten irudiz osatutako simetria jolas bat da, non haurrak irudi erdiak parekatu beharko dituen fruten irudi osoak osatzeko. Irudi errealez osatuta dago proposamen hau, eta hortaz, zailtasun maila baxuenean aurkituko litzateke, irudi batetik bestera ez baitago antzekotasun handiegirik. Zailtasun maila hau igo nahiko bagenu euren artean antzekotasun handiagoa duten patroiez osatutako irudiak egin ahalko genituzke. Eta are zailagoa izatea nahi badugu, irudia bere negatiboarekin (aurkakoarekin) elkartzea proposatu dezakegu (ea azken bi proposamen hauen txantiloiak ere osatzen ditudan). Zer lantzen du hemen haurrak? Arreta, logika, kontzentrazioa, begi-esku koordinazioa, psikomotrizitate fina, simetria, eta nola ez, lateralitatea. Jarraian txantiloia eta sare sozialetan partekatutako argazkia eta bideoa topatuko dituzue.

Fruten erdiak
.pdf
Download PDF • 382KB

Lateralitatea orientazioaren eta norabidearen bidez lantzeko:

  • Tapoiak dantzan! Garuneko bi hemisferioak martxan jarriko ditugu jolas honekin! Hasieran agian zaila suerta daiteke (helduoi ere bai, ez pentsa!), baina praktika pixka batekin segituan lortuko duzue! Jakin badakizue, gure garuneko bi hemisferioek modu koordinatuan egiten dutela lan (nahiz eta lateralitatea deifintzen zaigunean gure gorputzaren albo baten erabilerari lehentasuna ematen diogun). Hortaz, garrantzitsua da bi aldeen koordinazioa lantzea. 4 eredu prestatu ditut, 2 lerro zuzenez osatuak daude eta beste 2 kurbez osatuak. Baina irudimena martxan jarriz, nahi bezain beste sinplifikatu eta konplikatu daiteke jolasa (zuek ikusi ze puntutan aurkitzen den haurra). Izenburuak iradokitzen duen bezala, jarduera tapoiekin burutu daiteke, baina nik sortutako txantiloiaren bidez ere jolas daiteke. Dibertitzeko prest? Sare sozialetan partekatutako argazkia eta bideoa ere hemen uzten dizkizuet.

Tapoiak dantzan
.pdf
Download PDF • 186KB
  • Mahaia jartzera! Haurrek txiki-txikitatik ikusten gaituzte mahaia jartzen eta momentu hau eurekin partekatzea oso onuragarria izan liteke eurentzat. Honek autonomia emango die eta arduraz jokatuko dute, izan ere, zerbait garrantzitsua egiten ari direla sentituko dute. Jarraian eskuragarri dituzuen txantiloi hauek asko erraztuko die lana, mahai-tresnak, platera eta edalontzia modu ordenatuan kokatzen lagunduko baitie. Bide batez, begi-esku koordinazioa, arreta, kontzentrazioa, kokapena, eta nola ez, lateralitatea garatzen lagunduko dio haurrari. Sare sozialetan partekatutako argazkiak eta hemen uzten dizkizuet, txantiloiekin batera.

mahaia jarri
.pdf
Download PDF • 622KB
  • Norantza doaz geziak? Orientazio espaziala lantzeko material paregabea! Baliabide honen helburua geziak txartelek adierazten diguten norabidean kokatzea izango da. 3x3 formatuan osatu dut jolasa, eta gezi bakoitzari kolore bat eman diot. Hortaz, zailtasun maila ertaina izango luke proposamenak. Errazago egin nahiko bazenute, 2x2 formatuan egin dezakezue jolasa eta gezi guztiei kolore bera eman. Aldiz, zailtasun maila igo nahiko bazenute 4x4 edo altuagoa den formatuan egin dezakezue jolasa, eta haurrei gezien kolorea ere aldatzeko eskatu. Gainera, tapoiekin egiten badugu psikomotrizitate fina eta tonua ere landuko ditugu (nire txantiloieko geziak itsatsi ditzakezue tapoietan). Jarraian txantiloia eta sare sozialetan partekatutako argazkia eta bideoa topatuko dituzue.

Norantza doaz geziak
.pdf
Download PDF • 15KB
 

Hortxe dituzue guztiak deskargatzeko prest!!! :)


Zuen iritziak entzutea gustatuko litzaidake, honek hobetzen lagunduko lidakeelako: azalpen sakonagoak behar dituzue? Honekin nahikoa da? Zerbaiten falta sumatzen duzue? ... Guztia entzuteko prest eta iradokizunetarako irekia nago! :)


Mila esker sare sozialetan zuen iritzia eman didazuenoi, benetan!!!


Jarraituko dut materialak zintzilikatzen, bitartean jarri praktikan eskuragarri dituzuenak eta kontaidazue zer moduz funtzionatzen duten! :)

3515 visualizaciones1 comentario

Entradas Recientes

Ver todo
bottom of page