• Erraietatik

Pentsamendu logiko-matematikoa I: LOGIKA (inprimatzeko materiala)



Azken argitalpenean pentsamendu logiko-matematikoaz hitz egin nizuen, eta hitz gutxitan, pentsamendu logiko-matematikoaz ari garenean "matematika praktikan jartzeaz" ari garela adierazi nizuen.


Bestalde, edukiak 4 blokeetan banatuko nituela esan nizuen:

  1. Pentsamendu logiko-matematikoa I: LOGIKA

  2. Pentsamendu logiko-matematikoa II: ZENBAKIAK ETA ERAGIKETAK

  3. Pentsamendu logiko-matematikoa III: GEOMETRIA

  4. Pentsamendu logiko-matematikoa IV: NEURRIA


Aste hauetan, lehen blokearekin aritu naiz, LOGIKA blokearekin hain zuzen ere; eta material eta jolas batzuk proposatu dizkizuet sare sozialetan. Argitalden honetan, hortaz, hauen bilduma topatuko duzue euren azalpenekin, argazki nahiz bideoekin eta txantiloiekin. Zer iruditzen? :)


Tira, hortxe dituzue material guztiak! :)


  • 4, 5, 6 eta 7 makilekin osatutako puzzleak! 🧩

Edonoren eskura dauden materialekin sortutako proposamena da honakoa! Mediku makilak, errotulagailuak eta poto batzuk eskura izanez gero, prest zaudete material hau sortzeko. Gainera, jolas bat baino gehiago burutu ditzakegu material honekin (jarraian duzuen bideoan zehaztasun gehiagorekin azaltzen ditut jolas ezberdinak):

  1. Sailkapen jolasa: makilak koloreen bidez sailkatu beharko ditu haurrak eta euren potoan sartu. ⚫🟡🟢🔵

  2. Puzzleak burutu: zailtasun-maila ezberdineko puzzleak burutu ditzakegu makila kopuruaren arabera. Haurrak praktikatzen duen heinean joango gara ikusten zein puntutan aurkitzen den, eta horren araberako puzzlea eskaini ahal izango diogu. 🧩

  3. Kopuruak eta grafiak: makilak dagokien potoan sartu beharko ditu haurrak kopuruaren arabera. Horretarako, lehendabizi makilak kontatu beharko digu eta ondoren kopuru horri dagokion grafia identifikatu. Zailtasunak izanez gero, potoetan grafiaren ondoan puntutxoen bidez adierazi dezakegu kopurua haurrak zenbatu dezan. 🔢


Arreta, begi-esku koordinazioa, kopuru eta grafien arteko lotura, sailkapena... bezalako kontzeptuak landu ditzakegu material honekin! Eta gainera, jolastuz materiala txukun jasota geratuko da! Ikusten duzuen bezala, oso material osoa da, aukera asko eskaintzen dizkiguna eta haurrentzat benetan dibertigarria!


  • Dominotik haratago! 🔴🔵


Material hau sortzeko ere ez duzue gauza gehiegirik beharko, makilatxo batzuk eta errotulagailuak, besterik ez! Guztia eskura duzuela? Irakurri jarraian duzuen azalpena eta hasi materiala prestatzen! Jolas bat baino gehiago burutu ditzakegu material honekin (jarraian duzuen bideoan zehaztasun gehiagorekin azaltzen ditut jolas ezberdinak):

  1. Domino jolas klasikoa: koloreei kasu eginez bakarka nahiz taldean jolastu dezakete haurrek. Mahaian dauden koloreak hartu beharko dituzte kontuan makilen segida jarraitzeko.

  2. Eredua imitatu: tableroaren gainean edo alboan, bakarka nahiz taldean, ereduak adierazten duen berdina burutu beharko dute haurrek. Jarraian eskuragarri duzuen txantiloiean makilatxo guztiak kokatu daitezke, baina zailtasun-maila igo nahiko bazenute makiltxo bakoitzarentzat leku bat baino gehiago jarri ditzakezue eta horrela froga gehiago egin beharko ditu haurrak.

Arreta, begi-esku koordinazioa, ezezkoaren kontzeptua, koloreak, segida... bezalako kontzeptuak landu ditzakegu jolas honekin! Gainera kooperazioa ere landu liteke talde lanean, guztiok elkarrekin, tableroa osatuz! 🤗

Dominotik haratago
.pdf
Download PDF • 284KB

  • Puzzle bereziak! ✨

Material berziklatuaz egindako materiala da honakoa. Komuneko paperaren tutuak gordetzen badituzue, zorioneko zaudete! Tutuak eta jarraian jarriko dizkizuedan txantiloiak beharko dituzue material hau sortzeko; eta tutuei kolore pixka bat sartu nahi badiezue tenpera pitin bat. Guztia duzuela? Adi ba!


Komuneko paperaren tutuez osaturiko puzzle bertikalak proposatzen dizkizuet. Arrunta materiala, ezta? Bada bai, itxuran arrunta dirudi. Baina aldi berean, zailtasun maila ezberdinekin jolasteko aukera eskaintzen digu. Gainera, normalean puzzleak horizontalean egiten ditugu, eta honek beste perspektiba batekin jolasteko aukera ematen digu.


Zailtasun-maila ezberdineko puzzleak sortu ditzakezue. Nik honela antolatu ditut:

🐘 Elefantea: 3 tutu osoz osatua.

🦁 Lehoia: 2 tutu osoz osatua.

🦒 Jirafa: 4 tutu erdiz osatua (2 tutu oso).

🦜 Loroa: 6 tutu zatiz osatua (2 tutu oso).


Bestalde, puzzle bakoitzari kolore bat ipini diot, hortaz, sailkapenak egiteko ere balioko dio haurrari! Eta modu honetara, amaietzean materiala txukun gorde ahal izango du koloreka multzokatuz.


Arreta, begi-esku koordinazioa, sailkapena... bezalako kontzeptuak landu ditzakegu jolas honekin! Jarraian txantiloia uzte dizuet, tutuen tamainara egindako irudiak dira :)

Puzzle bertikalak
.pdf
Download PDF • 300KB

  • Goxoki bat nahi? 🍬🍬🍬

Kartoi zati bat, errotulagailu batzuk eta guraizeak eskura badituzue, material hau 10 minutuan prestatuko duzue! Animatzen zarete?


Behaketa eta arreta lantzeko, begi-esku koordinaziorako, ordenazio eta sailkapenak egiteko, konparaketetarako, motrizitate fina lantzeko, memoria bisualerako, eta beste hainbat kontzeptu garrantzitsutarako balioko digu jolas honek! Zenbat gauza, ezta? 🤗


  • Sarrera bikoitzeko taula! 🙊

Logika lantzeko material paregabea, ziur zuetariko askok ezagutzen duzuela! Izenak dioen modura, bi sarrera ditu taulak, kontuan hartzeko bi atributo edo ezaugarri. Eta horiei arreta jarriz taula betetzea izango da helburua. Hortaz, logika martxan jartzeaz gain, zeharka hainbat kontzeptu lantzeko aukera izango dugu: Tamaina, kopurua, norantza, forma geometrikoak, koloreak, aurpegiko atalak... Nahi bezain beste, irudimenak uzten dizuen beste! :)


Gainera, modu askotara jolas dezakegu: taula osatzeko ezaugarriak eman eta haurrek taula osatuz, taula osatua eman eta haurrak ezaugarriak asmatuz, taula hutsik eman eta galderen bidez haurrak taula osatuz... Ikusi ikusi bideoa, bertan zehaztasun gehiagoz azaltzen dut eta guztia! (sentitzen dut bideoaren kalitate txarragatik...).

Sarrera bikoitzeko taulak
.pdf
Download PDF • 136KB

  • Erlauntza logikoa 🐝

Koloreei kasu eginez erlauntza osatzea da helburua. Erraza dirudi, ezta? Bada saiatu eta konturatuko zarete ez dela horren erraza! 🤭


Arreta eta kontzentrazioa eskatzen duen jolas bat da. Gainera, ziurrenik, ez dugu lehendabiziko aldian asmatuko taula osoa osatzen. Hortaz, "akatsak" ikasteko balioko digutela ohartuko gara, azkenean lortuko baitugu!


Talde txikitan jolas daiteke, baina banaka jolastea egokiagoa ikusten dut nik. Bideoan azaltzen dizuet honen arrazoia, beste gauza askoren artean. Ikusi-ikusi, ea zer iruditzen zaizuen! Txantiloia ere jarraian topatuko duzue.

hexagono puzzlea
.pdf
Download PDF • 15KB

  • Perretxiko logikoak! 🍄🍄🍄

Ezagutzen al dituzue bloke logikoak? Bai, ezta? Bada, horren ildotik doan materiala da honakoa! Ezagutu nahi? Ikusi-ikusi jarraian topatuko duzuen bideoa!


Bideoan diodan bezala, niretzat "material estrella" da hau! Jolas asko burutu daitezke material honekin eta haurren arreta geureganatuko dugu ziur!


  1. Dadoekin jolas daiteke. Atributo edo ezaugarri bakoitzerako dado bat duzue (kolorea, tamaina eta estanpatua). Zuek erabaki zenbat dado bota aldi berean, haurren adin eta gaitasunen arabera!

  2. Etiketak erabiliz ere jolas dezakegu. Etiketak baiezkoan eta ezezkoan ditugu. Baiezkoekin 3 urterekin has gaitezke. Ezezkoak, bideoan diodan bezala, 4-5 urtekoentzat utziko nituzke nik.

  3. Uztaiekin ere jolas daiteke. Hemen multzoak egin beharko dituzte eta amankomunak direnak erabaki.

Beste hainbat eta hainbat jolas egin daitezkenez, argitalpen bat egitea pentsatua daukat soilik proposamen honentzat. Interesatuko al litzaizuke? Kontaidazu!

Perretxiko logikoak
.pdf
Download PDF • 296KB

  • Kolore kolore!!! 🔴🟠🟡🟢🔵🟣🟤⚫⚪

Kolorez betetako bi proposamen dira jarraian azalduko dizkizuedanak!

  1. Zein izango ote da izar bakoitzaren lekua? Jolas honetan arreta martxan jarri, motrizitate finaz baliatu eta pintza bakoitzean dagoen izar bakoitza bere lekuan kokatu beharko du haurrak, kolorea errespetatuz noski! Dibertigarria, ezta?

  2. Koloreekin esperimentatzera!!! Tonalitate ezberdineko txartelek zulotxoak dituzte eta hauek tapatzeko makiletan dauden borobiltxoez baliatu beharko da haurra. Asmatuko ote du?

Jarraian azalpen zabalagoekin osatutako bideoa uzten dizuet, baita jolas hauek burutzeko txantiloiak ere!

KOLORE PALETA MAKILEKIN
.pdf
Download PDF • 17KB
KOLORE PALETA PINTZEKIN
.pdf
Download PDF • 20KB
 

Hortxe dituzue guztiak deskargatzeko prest!!! :)


Zuen iritziak entzutea gustatuko litzaidake, honek hobetzen lagunduko lidakeelako: azalpen sakonagoak behar dituzue? Honekin nahikoa da? Zerbaiten falta sumatzen duzue? ... Guztia entzuteko prest eta iradokizunetarako irekia nago! :)


Mila esker sare sozialetan zuen iritzia eman didazuenoi, benetan!!!


Jarraituko dut materialak zintzilikatzen, bitartean jarri praktikan eskuragarri dituzuenak eta kontaidazue zer moduz funtzionatzen duten! :)


#pentsamendulogikomatematikoa #logika #matematika #materialmanipulagarria #koloreak #tonalitateak #kontzentrazioa #arreta #tamaina #kopurua #estanpazioa #multzokatzea #baiezkoa #ezezkoa #blokelogikoak #dadoak #norantza #lateralitatea #hezkuntza #erraietatikhezi

3843 visualizaciones1 comentario

Entradas Recientes

Ver todo