top of page
  • Foto del escritorErraietatik

Pentsamendu logiko-matematikoa II: ZENBAKIAK ETA ERAGIKETAK (inprimatzeko materiala)


Pentsamendu logiko-matematikoaren bigarren blokera iritsi gara! Baina, materialak aurkeztu aurretik, zera gogorarazi nahiko nizueke: pentsamendu logiko-matematikoaz hitz egiten dugunean, "matematika praktikan jartzeaz" ari gara (honen inguruan gehiago jakin nahi baduzue, egin klik hemen).


Gogoratzen bazarete, 4 bloketan banatu nituen edukiak:

  1. Pentsamendu logiko-matematikoa I: LOGIKA (honi buruzko argitalpena hemen)

  2. Pentsamendu logiko-matematikoa II: ZENBAKIAK ETA ERAGIKETAK

  3. Pentsamendu logiko-matematikoa III: GEOMETRIA

  4. Pentsamendu logiko-matematikoa IV: NEURRIA

Aste hauetan, bigarren blokearekin aritu naiz, ZENBAKI ETA ERAGIKETEN blokearekin hain zuzen ere; eta material eta jolas batzuk proposatu dizkizuet sare sozialetan. Argitalpen honetan, hortaz, hauen bilduma topatuko duzue euren azalpenekin, argazki nahiz bideoekin eta txantiloiekin. Zer iruditzen? :)


Aurrera jarraitu aurretik, gauzatxo bat aipatu nahiko nizueke, inongo haserrerik gabe eta nire irribarre handienarekin :) Benetan, eskertuko nizueke jarraian dauden hitzak irakurtzea, eta ondoren, lasai asko deskarga ditzakezue materialak! :)


Dakizuen bezala, zuekin partekatzen ditudan material hauek guztiak doainik eskuratzen dituzue. Erabaki hori nirea da, izan ere, nire helburua haurrengana iristea da, beste modu batera ikas dezaten (manipulatiboki, jolastuz eta dibertituz). Eta horretarako zuengana iritsi behar dut, interesa duzuen helduengana.


Baina ulertuko duzuen bezala, hemen ordu asko daude, dedikazio handia, bokazioa eta maitasuna. Baita kezkak eta beldurrak ere. Horregatik, benetan asko eskertzen ditut sare sozialetan niri idaztera animatzen zaretenon hitzak. Izan ere, zuek gabe honek ez luke zentzurik izango!!!


Lehen blokeko materialak edota lateralitateari buruzkoak webgunera igo nituenean 2000 bisitatik gora jaso nituen. Horrek esan nahi du, 2000 pertsonek baino gehiagok deskargatu zenituztela nire materialak. Eta honek oso zoriontsu egin ninduen!!! Haur askok izango dute material hauekin jolasteko aukera!!! Baina tamalez, sare sozialetako 10 bat iruzkin kenduta, ez nuen beste feedback-ik jaso, eta honez zertxobait triste eta kezkatuta uzten nau.


Badakit ez duzuela fede txarrez egiten, eta asko oso eskertuta zaudetela materialak zintzilikatzen ditudalako. Gainera, askok ziurrenik lotsagatik ere ez didazue idatziko. Baina benetan, zuen iritzia entzutea gustatuko litzaidake, honek hobetzen lagunduko lidakeelako, baita jarraitzeko indarra emango lidakeelako ere! 😉 Ulertzen didazue, ezta?


Hau irakurrita ere idaztera ez bazarete animatzen, pribatutik ere egin dezakezue; edo besterik gabe "eskerrik asko" bat ipini edota behean duzuen bihotzari klik egin ❤.


Tira, hortxe dituzue material guztiak! :)


  • Kamixetak eta galtzerdiak zintzilikatzera! 👕🧦

Materialez betetako zapata kaxa bat duzue argazkitan eta proposamen honekin 2 jolas ezberdin egin ditzakegu. Animatzen zarete?

  1. Jolasa: kamixetan zintzilikatzera! 👕 3-4 urtetik aurrera proposatuko nuke jolas hau, eta beheko bideoan ikus dezakezuen bezala ez dauka misteriorik. Kamixeta zuriek zenbakiak dituzte eta koloretakoek, berriz, puntutxoak (kopuruak adierazteko). Zenbakidun kamixetak dagokien kopurudunekin elkartu beharko dituzte. Entretenigarria ezta?

  2. Jolasa: galtzerdiak zintzilikatzera! 🧦 4-5 urtetik aurrera proposatuko nuke jolas hau, izan ere, batuketak burutu beharko dituzte. Hemen ere, galtzerdi zuriak eta koloredunak ditugu. Zuriek adierazten duten zenbakia lortu beharko dute koloredunen artean batuketak eginez. Hau ez da horren erraza, ezta? Bideoan azaltzen dudan bezala, lagungarria egingo zaie erregletekin batuketa (edo deskonposaketa) horiek egitea.

Proposamen originala ez al zaizue iruditzen? Bide batez, gainera, motrizitate fina landuko dute haurrek pintzak ipintzen dituztenean. Eta jolasa amaitzean guztia kutxatxoan sartu eta ordenatuta geratuko da dena!

KAMIXETAK ZINTZILIK
.pdf
Download PDF • 223KB
GALTZERDIAK ZINTZILIK
.pdf
Download PDF • 431KB

*Cuisenaire erregleten txantiloiak ez ditut nik egin. Egurrezkoak baldin badituzue, hobe. Bestela, sartu ondorengo helbidean. Nik bertatik inprimatu eta plastifikatu nituen: http://www.creciendoconmontessori.com/2020/04/imprimible-gratis-regletas-montessori-y-cuisenaire.html


  • Zenbaki eta kopuruen puzzlea! ⚫⚪

Gogoratzen al zarete lehen blokean aurkeztu nizuen erlauntza logikoaz? Ba, jolas hau oso antzekoa da! Zenbakiak euren kopuruekin elkartu beharko ditugu taula osatzeko. Erraza dirudi ezta? Probatu eta esango didazue!!!


Hemen ere erdiguneko txartela badakigu zein den, beltz kolorea baitauka eta jolasarekin hasteko balioko digu. Txartel bakoitzean 1etik 4era bitarteko zenbakiak eta kopuruak topatuko ditugu eta ez dira errepikatzen. Txartelak ere euren artean desberdinak dira.


Arreta eta kontzentrazioa eskatzen duen jolas bat da, baita frogak egitea eskatzen duena ere, aurrenekoan asmatzea ez delako ohikoena. Hortaz, "akatsek" ikasteko balio digutela ulertuko dute haurrek. 🍀

ZENBAKI ETA KOPURUEN ERLAUNTZA
.pdf
Download PDF • 17KB

  • Aurretik eta ondoren! ◀️...▶️

Bi proposamen aurkezten dizkizuet "aurretik" eta "ondoren" kontzeptuak lantzeko:

  • Hutsuneez osaturiko txartelak ditugu, eta hutsune horiek betetzeko zenbakidun zirkulu beltz batzuk. Ziurrenik haur batzuk automatikoki burutuko dute jolasa. Zailtasunekin topatzen badira erregletek lagun diezaieke aurreko eta ondorengo zebakiak identifikatzeko:

- Aurrekoa identifikatzeko: bat kendu. [-1]

- Ondorengoa identifikatzeko: bat gehitu. [+1]

  • Egurrezko makila batzuk ditugu zenbakien segidaz osatuak, eta hemen ere hutsune batzuk ditugu. Hutsune horiek betetzeko zenbakidun pintza batzuk ditugu. Hemen, aurreko eta ondorengo zebakiak badakizkigu, tartekoa topatu behar dugu, hortaz. Pintzak bere lekuan kokatu ondoren makilari bira eman eta atzekaldean autozuzentzeko aukera izango dugu!

Jarraian, bideo bidez, hobe ulertuko dituzue bi proposamenak! :)

Txartelen kasuan 20ra bitarteko zenbakiak daude eta makilen kasuan 30era bitarteko zenbakiak. Hala ere, nahi adina konplika daiteke proposamena, baita zailtasun maila jaitsi ere. 😊

AURRETIK ETA ONDOREN
.pdf
Download PDF • 20KB

  • Erosketak egitera goaz! 🛒

Honako proposamenean, zailtasun-maila ezberdinetatik igaroko gara. Haurraren adin eta gaitasunen arabera, jolasaren fase bat edo beste burutuko dugu. Animatzen zarete?

  1. Kaxaren goialdean dugun erosketa-gurdia erosketa zerrendak adierazten digun elikagaiez beteko dugu! 🍓🍋🍍🥕🥝🍅 Hemen, irakurketa-idazketa prozesuan murgilduko dira haurrak, baita kopuru-zenbaki harremanean ere! [3 urtetik aurrera]

  2. Gurdia bete ostean, erositakoa ordaindu beharko dugu, ezta? 💰 Horretarako, elikagaien prezioak ditugu alde batetik eta txanpon zein bileteak, bestetik. Hemen, aukera ezberdinak ditugu: besterik gabe, erosi dugunak balio duena bildu; haur batek supermerkatuko langile lanak egin eta ematen diogunaren arabera guri diferentzia itzuli (batuketak eta kenketak egingo dituzte); edota, erosi dugunaren eta ordaindu dugunaren inguruko erregistroa egin idatziz. [4-5 urtetik aurrera]

Ikusten duzuen bezala, nahi adina konplika dezakegu proposamena, eta zeharka eta modu manipulagarrian hainbat eta hainbat kontzeptu lantzen dituzte. Gainera, jolastuz ikasten dute eta berriro jolasteko gogoa piztuko zaie ziur!!! 🤭

EROSKETAK
.pdf
Download PDF • 1.39MB

  • Garapen taula ⇡⇡⇡

Garapen taula izena jarri diot material honi, izan ere, haurra pausoz-pauso osatzen joango den taula moduko bat da. Beheko bideoan azaltzen dizuedan modura, zailtasun-maila ezberdinak eskaini ahal izango ditugu, haurraren adin eta gaitasunen arabera. Horregatik, 0tik 100era bitarteko zebakiak topatuko dituzue. 💯

Taula moduko honetan haurrak zenbakia identifikatu, idatzi, kontatu eta bere aurreko zein ondorengo zenbakiak aukeratu beharko ditu. Beraz, prozesu ezberdinetatik igaroko da eta guri bere garapen momentuaren inguruko pistak emango dizkigu. Informazio hori oso baliogarria izango zaigu berari laguntzeko! :)

GARAPEN TAULA
.pdf
Download PDF • 37KB

  • Marigorringo lasterketa! 🐞🐞🐞

Zailtasun-maila ezberdinak proposatuz jolas dezakegu material honekin:

  1. Zailtasun-maila baxuena: dado batekin jolastuko dugu. Dadoak adierazten digun kopuruaren arabera egin beharko dugu aurrera. Helmugara lehen iristen dena izango da garaile. 100era arte egin beharrean, 50era arte egin dezakezue jokoa gehiegi luza ez dadin. Zuek erabaki [3-4 urtetik aurrera].

  2. Zailtasun-maila ertaina: dado batean kopurua eta bestean + eta - ikurrak izango ditugu. Agertzen zaigun kopuruaren arabera aurrera ala atzera egin beharko dugu ikurraren arabera (+ aurrera / - atzera). Hemen ikurrekin harremana izaten hasiko dira. [4-5 urtetik aurrera].

  3. Zailtasun-maila altua: bi dadoetan kopuruak ditugu, baina batak HAMARREKOAK adierazten dizkigu eta besteak BATEKOAK. Hemen jokoa biziagoa izango da, izan ere, dadoak bi aldiz botata agian jolasa amaituko da. Hamarreko dadoak 2 adieraziz gero, 20 puntu aurrera egin beharko dugula esan nahiko du; eta batekoak 3 adieraziz gero, hiru puntu aurrera. Hortaz, 23 pausu aurrera. Horregatik erregletak edo multibaseak ondoan izateak asko lagunduko digu, agian haur batzuk oraindik kalkulu mentala egiteko ez direlako gai izango [5-6 urtetik aurrera].


Bideoaren hasieran esan bezala, jolasa ez dut nik asmatu. Aprendiendo Matematicas webgunean topatu dut, Malena Martinen eskutik. Matematikak era manipulagarrian lantzeko milaka jolas dauzka, paregabea da!

MARIGORRINGOEN LASTERKETA
.pdf
Download PDF • 101KB

  • Zein da animalia ezkutua? 🐇🐀🐕🐈🐘🦥🐆🦃🐥🦩🦜🐦🐓🦞🦀🐝🐞🐛

Jarraian topatuko duzuen bideoan azaltzen dizuedan modura, ezkutuko animalia topatzea da helburua. Horretarako, txarteletako pausoak jarraitu beharko ditugu, animaliz osatutako taulan ibilbidea marraztu eta ezkutuko animalira iritsi! 🔎


Hemen, arreta, kontzentrazioa, orientazio espaziala, zenbakiak, lateralitatea... lantzeko aukera izango dute haurrek, modu dibertigarrian gainera! Ez duzue uste?


Bideoko azalpenean aipatu bezala, ideia ez da nirea. @dentrodelaula Instagrameko perfilean topatu dut inspirazioa, eta nire gustuen arabera moldatu dut! :)

ZEIN ANIMALIA TOPATU DUZU
.pdf
Download PDF • 728KB

  • Batuketak eramanarekin 🤔

Gure haurrak eramanik gabeko batuketekin trebatuak daudenean, eramana agertzen da euren bidean eta hemen batzuk gose direlako agian, eta beste batzuk despistatu xamarrak direlako beharbada, eramana jan edo ahaztu egiten dute 🤭


Baina, tira, ez ezadazue esan bere zailtasuna ez daukanik?!


Hori dela eta, gose direnentzat edo despistatu xamarrak diren horientzat material manipulagarri hau aurkezten dizuet. Manipulagarria izateaz gain, oso bisuala da eta, zergatik ez, baita dibertigarria ere!

Ideia @mamadeteotea Instagrameko perfiletik hartu dut. Berak kartoiarekin eta tapoiekin sortu du materiala eta zoragarri geratu zaio!

BATUKETAK ERAMANAREKIN
.pdf
Download PDF • 23KB

  • Kontaketa erritmikoa eta biderkaketen lanketa 🎶✖️

  1. KONTAKETA ERRITMIKOA🎶: Jarraian duzuen bideoan azaldu dizuedan bezala, askotan 1etik 10era kontatzera ohituak gaude eta erritmo bizian kontatzeko arazorik ez dugu izaten. Baina binaka, hirunaka, launaka... kontatzeko esatean gure erritmoa mantsotu eta zailtasunekin topatzen gara. Bat zatozte nirekin, ezta? Bada, material honekin entrenatzeko aukera izango dugu eta kontaketa erritmikoan trebatuko gara! Animatzen zarete?

  2. BIDERKAKETAK✖️: Biderkaketen kontzeptua barneratua dugunean (ondoren sakonduko dut honen inguruan), biderkaketak automatizatzeko prozesuan murgiltzen gara. Azken finean, guztiok buruz dakizkigu 1etik 10era bitarteko taulak. Hau jolas modura burutzeko eta ez dadin oso astuna bilakatu, proposamen egokia da aurkezten dizuedana. Dinamikoa da, manipulagarria eta bisuala. Entrenamendu modura balioko die eta automatizatze bide horretan lagunduko die. Zer deritzozue?

Bideoa amaierara arte ikusi baldin baduzue (a ze nolako sermoiak sartzen dizkizuedan!), ikusiko zenuten eragiketen esanahia ulertzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dudala. Batuketen materiala, edota gaurko biderketena, oso egokiak dira. Baina soilik eragiketen benetako esanahia, zentzua, ulertua eta barneratua dutenean. Horretarako, aurretik erabili beharreko beste material manipulagarri batzuk daude. Esaterako, erregletak. Ados zaudete nirekin? Beste iritzi batekoak zarete? 🤔

KONTAKETA ERRITMIKOA + BIDERKAKETAK
.pdf
Download PDF • 16KB

  • Handiago, txikiago eta berdin! >=< 🐊

Material hau ez da inorrentzat berria izango ziurrenik. Interneten zertxobait ibiltzen bazarete, material honekin egingo zenuten topo seguru! Baina nik ere sortu dudanez zuekin partekatzea erabaki dut 🤭


"Handiago, txikiago eta berdin" kontzeptuak lantzeko balioko digu. Baina hemen ere lehen aipatu dizuedan berdina diotsuet: "<", ">" eta "=" ikurrak besterik ez dira haurrentzat, ikur abstraktuak, eta honen atzetik dagoen esanahia landu behar dugu lehenik eta behin. Horregatik, iruditan ikus dezakezuen bezala, erregletak erabil ditzakegu kopurua adierazteko. Modu horretara, garbi ikusiko dute zein multzotan dagoen kopuru gehien.


Zenbakiak garapen taularako sortu nituenak dira, 1etik 100era bitartekoak.


Krokodiloak, berriz, mediku makila txikiekin eta kartoiarekin sortu ditut. Beste modurik bururatzen bazaizue, partekatu lasai 😊


HANDIAGO-TXIKIAGO-BERDIN
.pdf
Download PDF • 3KB
 

Gogoratu, animatzen bazara idatzi iezadazu iruzkin bat hemen ala sare sozialetan. Ez zarela animatzen? Eman klik bihotzari .



Jarraituko dut materialak zintzilikatzen, bitartean jarri praktikan eskuragarri dituzuenak eta kontaidazue zer moduz funtzionatzen duten! :)


Hasieran esan bezala, zuek gabe honek ez luke zentzurik izango! Mila esker!

#pentsamendulogikomatematikoa #zenbakiak #eragiketak #matematika #materialmanipulagarria #batuketak #kopurua #kontzentrazioa #arreta #aurrekoa #ondorengoa #erosketak #denda #supermerkatua #elikagaiak #kenketak #motzizitatefina #orientazioespaziala #eramana #kontaketaerritmikoa #biderkaketak #handiagoa #txikiagoa #berdin #hezkuntza #erraietatikhezi


3278 visualizaciones10 comentarios

Entradas Recientes

Ver todo
bottom of page