Erraietatik
Webgunearen antolaketari buruzko azalpen labur bat
Ikusita Instagramen 300 jarraitzaile ditudala, Facebookeko orrialdea 325 pertsonek jarraitzen dutela, webgunean 79 pertsona harpidetu zaretela eta hasieran eskuragarri jarri nuen galdetegia 394 pertsonek erantzun dutela, uste dut badela garaia webgunearen antolaketari buruzko azalpen bat emateko!
Jarraian duzuen bideoan aipatzen dudan bezala, 4 ataletan antolatu dut webgunea:
IKASI: Ziurrenik hemen bilduko dira egiten ditudan sarrera gehienak. Izan ere, gai konkretuei buruz idazten dudanean, zalantza sortzen diguten gai konkretuez nahiz interesa pizten digutenez, atal honetan klik egin eta bata bestearen atzetik agertuko zaizkizue.
IRAKURRI: Hezkuntzari buruzko artikulu eta liburu interesgarriak topatu ahal izango dituzue hemen. Hala ere, aurreko atalarekin harreman estua duela azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, aurreko ataleko sarrera batzuetan bibliografia topatuko duzue (hau da, artikuluak, liburuak...) eta hortaz, lehen bi atal hauetan, batzuetan, sarrerak bikoiztuta topatuko dituzue.
KONTATU: Hemen bideoak igoko ditut ipuinak kontatzen. Gehienbat Haur Hezkuntzara bideratutako ipuinak izango dira, hala ere, Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako ere balioko dute batzuk. Baina esan bezela gehiengoa txikitxoentzat izango da ni Haur Hezkuntzan espezializatua naizelako.
SORTU: Material manipulagarria sortzeko atala izango da hau. Saiatuko naiz bideo bidez igotzen, ikus dezazuen nola sortzen det eta nola erabiltzen den. Hala ere, ondoren azalpena testu bidez ere izango duzue eskuragarri. Saiatuko naiz ere material hauek ahalik eta material arruntenekin burutzen, etxean ditugun materialekin; edota nahiko merkeak diren materialekin. Izan ere, kontziente naiz askotan material manipulagarria erosi nahi badugu oso garestia dela, eta pentsatzen dut etxean ditugun materialekin nahiz material merkeekin posible dela logika-matematika, hizkuntza, zentzumenak nahiz mugimendua lantzeko material manipulagarriak sortzea.
Bideoaren amaieran diodan modura, zuen iritzia entzutea gustatuko litzaidake, eta jakin proposamenetarako beti prest nagoela!